2022ko Naizen sariak banatu dira urtarrilaren 29an, 12:00etan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, “Ikusten gaituzuela ikusi nahi dugu” izenburupean. Bertan, haur eta gazte transexualen eta haien familien eskubideen aldeko laguntza eta lana aitortu ziren. Bide batez, “Ipuinetan ez bezala” abestia eta bideoklipa ikusi ahal izan ziren.
Bertan izan ziren Bakartxo Tejeria eta Unai Hualde, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Legebiltzarreko buruak; Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Gotzone Sagarduy; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Jokin Bildarratz; Hezkuntzako sailburuordea, María Begoña Pedrosa; Miren Fernandez de Landa Ruiz, Berdintasuneko zinegotzia; Gazteizko alkatea, Gorka Urtaran; Igor Salazar (PSE-EEko zinegotzia, Gasteiz); Rocio Vitero (EH BILDUko zinegotzia, Gasteiz); Leticia Comerón (PPko zinegotzia, Gasteiz); Garbiñe Ruiz (Elkarrekin, Gasteiz); Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; Kultura, Kirola eta Gazteria foru diputatua, Ana del Val; Emilio Sola, Gizarte Politiketako foru diputatua; Batzar Nagusietatik Pedro Elosegi; Batzar Nagusietako Talde Sozialistaren bozeramailea, Jon Nogales; Maitane Ipiñazar, Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkidea; Ikoitz Arrese, EH Bilduko legebiltzarkidea; Eneko Andueza PSE-EEko bozeramailea; Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos+EP-IUko bozeramailea eta hainbat elkarteetako ordezkariak.
Argazkiak: @asier_bastida
Ekitaldiari hasiera emateko, bideoklipa aurkeztu zuten egileek, Aingeru Mayor, Ekaitz Goikoetxea eta Xabier Crehuet-ek, hain zuzen. Bideoklipa “Tránsitos, comprender la transexualidad infantil a través de los relatos de padres y madres” liburuan oinarrituta dago.
Argazkiak: @asier_bastida
Bea Severrek, Naizen elkarteko bozeramaileak, 2022ko Naizen elkartearen sari-banaketari ekin zion. Haur eta nerabeen transexualitatearen alde hain beharrezkoa eta eskertzekoa den lana egiten duten eremu desberdinetako pertsonak saritu nahi dira Naizen sariekin.
Argazkiak: @asier_bastida
Hauek izan ziren sarituak:
José Luis Quintas, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordea, Osasun zerbitzuen solaskide gisa izan duen entzuteko eta ulertzeko jarreragatik; zubiak eraikitzeko ahaleginean izan duen inplikazio pertsonalagatik eta transexualitate egoeran daudenek kalitatezko osasun harrera izan dezaten egin duen apostuagatik. José Quintasek esker hitzak esan zituen: “Transexualekin egin ohi zen praktika kliniko osoak paradigmaz aldatu behar izan du, bereziki haur transexualekin lan egiterakoan . Haur horien kontakizunean oinarritua egon behar du praktika klinikoak. Aldaketa hau eragitea oso zaila izan da eta eta oraindik ere badago zeregina. Eskerrik asko Naizen, irakatsi didazuen guztiagatik”.
Aitzole Araneta, sexologoa eta trans aktibista, Naizen elkarteko pertsona askorentzat bizitza duinaren erreferentea delako eta beti eskaini digulako babesa, laguntza eta maitasuna. Aitzolek, besteak beste hau esan zuen: “Ez daukat gorputz okerrik. Ez daukat genital okerrik. Gorputz bat naiz eta gorputz hau zaindu, maitatu eta babestu egin behar dut.”
Azkenik, Ana Martinez eta Elaxar Lersundi, Ekai Lersundiren ama eta aita, beraien indarragatik, sendotasunagatik, eta pertsona transexualen eskubideen alde egiten ari diren etengabeko lanagatik eta samuraiaren sugarra bizirik mantentzeagatik.
Ekairena ez zela inoiz gertatu behar denok gogoan izan dezagun daramaten eguneroko borrokagatik. Oso hunkituta hitz hauek esan zituzten: “Hau iraupen-lasterketa bat da, eta lasterketa guztietan bezala, batzuk lehenak izaten dira, beste batzuk azkenak iristen dira eta hainbat bidean geratzen dira. Ekai bidean geratu zen, baina
gu helmugara beragatik iritsiko gara, elkarrekin lortuko dugulako.”
Ekitaldian zehar, Tor magoak magia trikimailu batzuk egin zituen, ikusleak liluratuz. Gainera, bi bideo proiektatu ziren. Lehenengoan, EiTBko Go!azen telesaileko protagonista gazteen taldeak agurra bidali zien Naizeneko familiei. Bigarren bideoan, Goranek (Aitziber Garmendiak antzezten duen haurra) oso modu errazean azaldu zituen sexu nortasunaren inguruko hainbat gai: ikusteko moduan begiratzeak duen garrantzia, besteak beste, epaitu gabe, beti. Gainera, Naizen elkarteari goraintziak bidali zizkion.
Foto: @asier_bastida
Azkenik, eta primizian, «Ipuinetan ez bezala» abestiaren bideoklipa estreinatu zen. Virginia Ogalla eta Kiko Romerok egindako lan eder honek emozio zirraragarriak adierazten dituzten ilustrazio zoragarriak ditu.
Ekitaldi hunkigarria izan zen, itxaropen eta errekonozimendu mezuekin, non Naizeneko 250 familietatik askok egun ahaztezinaz gozatu ahal izan zuten.