Transexualitate egoeran dauden neska-mutil batzuk genitalekiko oso bizipen txarra dute. Ez dituzte aipatzen eta aipatuz gero oso deseroso sentitzen dira. Etxe barruan ere ezkutatu egiten dituzte. Kasu batzuetan, nork bere burua zauritzera bultza dezake bizipen honek. Beldurgarria da geitalak automutilatzen saiatu diren neskatoen testigantzak entzutea.
Orain gutxira arte, neska-mutil hauei esaten zitzaien behin eta berriz (eta, kasu gehienetan, oraindik ere esaten zaie): “Ezin zara neska izan pititoa duzulako” edo “Ezin duzu mutila izan potota daukazulako”. Eta, ikusiko dugun bezala, agian norberaren genitalen bizipen ezkorra ez da per se den zerbait, baizik eta ekuazio mental honen ondorioa: “Naizena izan ezin badut daukadana daukadalako, orduan daukadana ez dut eduki nahi naizena izan ahal izateko”. Izugarria da hain txikitatik beraien buruetan horrelako pentsamenduak izatea.