Dagoeneko badugu lehen argitalpen bat, auzi horren inguruan argi apur bat egiten: Olson et al. (2016). Ikerlan horretan trantsitua burutu duten 3 eta 12 urte bitarteko 73 mutil eta neskak osatutako lagin bat aztertu zen. Haren ondorioen arabera, lagineko haurrengan atzemandako ohiko depresio-mailak eta antsietate-mailak doi-doi gainditzen dituzte batez besteko baloreak, eta barneratuta duten psikopatologia indizeak “genero-disforia” duten eta trantsitua egin ez duten adingabeekin egindako ikerlanetan baino nabarmen baxuagoak dira. Hots, trantsitua burututako adingabe transexualen bizi-kalitatearen adierazleak batez bestekoaren antzekoak dira eta trantsitua egin ez dutenen baino askoz hobeak.
Beraz, ikerlan horrek zalantza gabe baieztatzen du seme-alaben alboan egotea erabaki duten familiek sumatzen dutena, alegia, lehenago sufritu egiten zuten eta triste zeuden mutil-neskato berberak irribarretsu eta jolas gogoz hazten direla behin beren identitatea onartu ondoren.