Skip to main content

Transexualitatea lagundu nerabezaraoan

Transexualitatearen faktorea gehitzen denean nerabezaroan, hainbat berezitasun kontuan izan behar dituzte gurasoak.

Etxean laguntza

Nerabezaroa aldaketa eta aurkikuntzarako garaia da. Nerabeak gatazkan sortzen dira, hainbatetan, nor naiz ni, nor izan nahi dut, nola ikusten naute besteek eta besteek nor nahi dute ni izan nadin.

Nerabezaroa oso garai korapilatsua izaten da guraso askorentzat eta transexualitatea tarteko, agian zailtasunak gehiago izan daitezke.  Hain zuzen, trantsitua nerabezaroan egiten denean, eman beharreko laguntzak ezaugarri bereziak ditu eta garrantzitsua da kontuan hartzea.

Nola ez didazu lehenago esan?

Sortzen den zalantza bat da: “Nola ez dit lehenago esan?”; familiak noraezean uzten ditu zalantza honek.

Gazte hauek hainbatetan adierazten dute lehenago ezin izan dutela argi jakin zer gertatzen zitzaien, ez zekitela zerk eragiten zien desberdin sentitze hori. Eta, benetan, zerbait ezagutzen ez bada, zaila izan daiteke identifikatzea; neskek zakila eta mutilek bulba izan dezaketela pentsaezina bada, gertatzen zaien horretarako, agian, ez daukate hitzik, “ez dakite” zer gertatzen zaien.  Eta askotan soilik informazioa lortzen dutenean (internet, komunikabideak, eskolako sexu-heziketa etab. bidez) gertatzen zaiena antzeman eta izena jartzen hasten hasiko dira.

Beste kontu bat da, gehienek esan, esan zigutela, aspaldi gainera, baina ez genuen entzuten jakin; informaziorik ez geneukan eta ezin genuen ulertu esaten zigutena, gure entzumena ez zegoen trebatua entzuketa horretarako. Eta oso txikia zenean zerbait esan zigunean, agian barre egin genuen, edo ukatu, ezinezkoa zela esanez etab. Bere erreferente nagusia, familiak, esan badio ezin duela berak nahi duena izan, egokitzen saiatuko da, ahal duen moduan kudeatuko ditu ezin izan hori eta duen ezinegona. Badago ere egoera hau nahiko ondo bizitu ahal izan duena, harik eta, kasu askotan, pubertaroak berarekin dakarren gorputz-garapenak bultzatuta, eztanda egingo duen arte.

Bulba duten mutilen kasuan, nahiz eta beraien identitatea ez onartu, dituzten ezaugarri maskulinoek egiteko moduetan (galtzak erabili, ile motza, futbolean jolastu, mutilekin harremandu) nahiko ondo onartuak dira. Mutil hauek, askotan, neska maskulino bezala bizi dira besteen aurrean eta sozialki nahiko ondo moldatzen dira.

Beste batzuetan, ezinegona handiagoa da, haurtzarotik baitator, eta arreta-defizit modura, hiperaktibitate, antsiedade, depresio, etab. modura kanporatzen da. Eta, bidenabar, batzuetan, topatu izan ditugu nerabezarora zama handiarekin iristen diren gazteak. Hasteko, hitzik ezin izan diotelako jarri gertatzen zitzaienari eta beraien identitatea oinarri sendo baten gainean ezin izan dutelako eraiki. Eta, kasu askotan, antsietate, depresio eta harreman arazoekin, gainera. Hain zuzen, gazte hauetako batzuk metatutako sufrimendu handiarekin iristen dira nerabezarora. Eta, badaude, egon, bere errealitatea baikortasunez kudeatu dutenak eta ondo daudenak ere.

Trantsitua goiztiarra denean, zailtasun eta arazo gehienak nahiko azkar gainditzen dira behin trantsitua egin denean. Trantsitua nerabezaroan egiten denean, hobekuntza oso agerikoa izan arren, hobetze-prozesua askoz mantsoago gertatzen da.

Zer egin dezakegu?

Ezer baino lehen entzun egin behar zaie. Entzun eta jakinarazi behar diegu gurasook zer nolako zailtasunak bizi ditugun errealitate berrian. Entzun egingo ditugula argi utziko diegu, gure maitasun guztia dutela esango diegu, eta bidean ahalik eta hobekien, eta gai garen neurrian, lagunduko diegula.

Hainbatetan “txipa aldatzea” zaila egingo zaigu: generoa ondo erabiltzea eta, izen berria baldin badute (aldatzea erabaki dutenak), hori erabiltzea. Garrantzitsua da elkarrekiko eskuzabaltasuna agerian uztea: gure aldetik, baldintzarik gabeko babesa, eta, bere aldetik, pazientzia gure okerrak onartzeko, edo egoera berrian kokatzea aldapa gora egiten bazaigu. Bizitza osoa daramagu ustezko neska edo mutil moduan harremana izaten berarekin, eta hau egun batetik bestera aldatzea zaila egingo zaigu, agian.

Gure aldetik, dolu sentimenduak baldin baditugu, tristura sentimenduak baldin baditugu, uste nuen seme edo alaba horri agur esaterakoan, garrantzitsua izango da min eta dolu hori onartzea, eta ondo kudeatzea, gure seme edo alabaren zama gainkargatu gabe.

Gure sufrimenduagatik beraiek errudun sentiaraztea oso kaltegarria litzateke. Nahikoa dute beraien prozesua egitearekin, gainera gurea ere beraien gain gelditzeko. Beharbada, guk topatu beharko ditugu guneak non barrua hustu eta gure mina eta nahasmena landu ahal izango ditugun. Modu horretan, gure alaba eta semeei lagundu ahal izango diegu beraien benetako sexu-identitatearen bizipen-bidean.

Gure sufrimenduagatik beraiek errudun sentiaraztea oso kaltegarria litzateke.

Gure laguntza beti izango da beraien erritmoak errespetatuz eta beraien beharrei arreta jartzen.

Beharrak

Hauek izan daitezke sortuko diren behar batzuk eta, seguruenik, beraien alboan beharko gaituzte:

  • Informazioa bilatu
  • Beste gazte transexualekin harremanetan jarri
  • Famili zabalari jakinarazi
  • Eskolan jakinarazi eta beharrezkoak diren esku-hartze protokoloak martxan jarri
  • Izena aldatu badu, izen berria agirietan agertu dadin beharrezko tramiteak egin. Eta, legeak onartzen badu, agiri horietan sexuaren aipamena zuzendu.
  • Endokrinologia Tratamenduak. Mediku arreta eskatuko balu pubertaroko gorputz aldaketetan eragiteko (hormonen blokeatzaileen bidez -garaiz baldin badabil- edo hormonazio gurutzatuaren bidez), dagokion osasun zerbitzuetara joan.