Skip to main content

Ezezagutzatik ezagutzara

Haur eta gazte transexualitatearen azken urteotako historia eta paradigma aldaketa, ulermenari eta laguntzari dagokionean

Duela gutxi arte, haurren transexualitatea, alegia, zakila duten neskatoen eta bulba duten mutikoen existentzia, ikusiezina izateaz gain, pentsaezina ere bazen

Ez zen horretaz hitz egiten, izan ere, ez zegoen hori, horretan, pentsatzeko gaitasunik. Hortaz, inor gutxik interpreta zezakeen ume horiek adierazten zutena. Areago, isilarazi egiten zitzaien, zuzendu egiten ziren, baita zigortu ere. Eta jakina, ume horiek sufritu egiten zuten. Zirenak izateko aukerarik gabe hazten ziren, inposaturiko mozorro batean kateaturik.

Transexualitatea, izatekotan, helduen kontu bat omen zen. Buruko gaixotasuntzat hartuta, deliriotzat, biziotzat edota perbertsiotzat. Trabestismo eta homosexualitatearekin nahasi egiten zen, baita prostituzioari edota drogei lotu ere. Haurtzaroarekin zerikusirik ez duten kontuak azken batean. Eta berez, heldu transexualen munduarekin ere zerikusirik izan behar ez luketen kontuak dira, ez balitz gizarteak pertsona transexualak alboratu, baztertu eta arbuiatu izan dituelako.

Etxetik kanporatuak izan dira, lanerako sarbidea zaildu eta ukatu egin zaie, eraso egin zaie, iraindu, erail. Euren identitatea behin eta berriz ukatu egin zaie. Emakume eta gizon transexualen bizitzak sufrimenduz betetakoak izan dira.

Bada datu estatistiko bat neska eta mutil transexulen gurasook ikaratzen gaituena eta interpelatzen gaituena: heldu transexualen %41ek bere buruaz beste egiteko saiakera egin dute, biztanleria osoaren kasuan %1,6koa den bitartean. Pertsona transexualen kasuan ia bitik bat bere buruaz beste egiten saiatu da inoiz bere bizitzan. Ezin beldurgarriagoa da. Egun gizon eta emakume transexual helduak diren hauek atzera begiratzean, galdutako haurtzaroaz mintzo dira.

“Pertsona heldu transexualak bilatu nituen beraiekin hitz egiteko eta bi galdera baino ez nizkien egiten: ‘Noiztik dakizu eta nolakoa izan zen zure haurtzaroa?’ Denek erantzuten zidaten betidanik zekitela eta euren haurtzaroak oso latzak izan zirela. Nik ez nuen hori nire alabarentzat nahi.”

Gaur egun ezagutzen ari gara transexualitate egoeran dauden haurren lehen belaunaldia zeinak haurtzaroa beraien sexu nortasuna errespetatua eta onartua den

Zorionez orain ume direnentzat, gaur egun errealitate hau pentsatu egin dezakegu, ulertu, eta hartara, bidelagun izan. Izan ere, transexualitate egoeran dauden haurren lehenengo belaunaldia dugu aurrean eta haurtzaroan euren sexu identitatea errespetatua zein onartua izanik bizitzeko aukera dute. Ume horiek irribarre egiten dute, jolastu egiten dute, hazi…

Euren seme-alaben bidelagun izatea erabaki duten familiek ikusten dutena berresten dute dagoeneko ikerketek: ume hauen identitatea onartzen denean, euren bizi-kalitatearen adierazleak beste edozein umeren parekoak direla. Ondorioa gero eta argiagoa da: sufrimendua ez du euren baldintzak eragiten, horren beraren ukazioak baizik.

Azken urteetan gertatzen ari diren aldaketek garai berri bat dakarte. Ezjakintasunetik ezagutzarako bidea ari gara jorratzen. Ukaziotik onarpenera. Malkoetatik irribarreetara. Iluntasunetik argitasunera. Garai berri batean barneratzen ari gara, gure umeek beste edozein umeren moduko bizitza bizi ahal izango duten garai bat. Aldaketa hauek oso azkar ari dira jazotzen: espainiar estatuan hamarkada eskas bateko kontua izan da.

Jakina, bada aurrekaririk aldaketa hauetan guztietan. <em>Aurreko hamarkadetan gizon eta emakume transexual helduek burututako borroka, zailtasunez betetako borroka izan da</em>; izan ere, gizartearen aldetik ez zuten ia inolako babesik izan.

Azpimarratu beharra dago nazioarte mailako Stop Trans Pathologization mugimendua, azken hamarkadan agenda publikoan txertatu baitu transexualitatea despatologizatzeko beharra, gaixotasun mentalen diagnostikoa eskuliburuetatik ateraraziz eta pertsona transexualei zor zaien duintasuna aldarrikatuz. Kontuan hartu beharreko beste eragile bat ere bada: mugimendu homosexualari zein borroka feministari esker gizarte mailan emandako aurrerapenak.

Ulertzen lagundu duen jauzi historikoa

Baina azken hamarkadan, zerk eragin ahal izan du espainiar estatuan historikotzat jo daitekeen aldaketa?

Funtsezko bi elementu daude tartean; batetik, kontzeptualizazio sexologiko bat garatu da, sexu aniztasuna eta sexu identitatea ulertzeko ezinbestekoa. Eta bestetik, euren seme-alabei aditu dieten hainbat familiaren agerpena, elkartu, sareak ehundu eta familia elkarteak sortzea erabakitzen dutenak.

Kontzeptualizazio sexologikoa

Kontzeptualizazio sexologikoa Efigenio Amezuari esker garatu ahal izan da, Madrileko Incisex Sexologia Institutua delakoaren zuzendaria. Nazioartean aitzindaria den marko teorikoa garatu du, izaki sexudun izateak dakarrena ulertu eta azaldu ahal izateko. Ume hauen errealitatea ulertzen hasteko funtsezkoa da honako ideia: “Gauza bat da daukaguna eta beste bat garena.”

Familien sareak sortzea

Familien artean sortutako sareak izan dira aldaketa historiko honen eragilea. Oso azpimarratzekoa ere bada Eva Witt-ek burututako lana. Bere semearen trantsituan bidelagun izateko orduan, informaziorik eta babesa emateko aukerarik ezaren aurrean, 2012ko martxoan beharra zuten beste familia askori laguntza eskaintzen hasi zen, Andaluzian lehenik eta espainiar estatu osoan gerora.

Ehun familia baino gehiagori laguntza eskaini ostean, familia horietako batzuekin batera adingabe transexualen familien Chrysallis Elkartea sortu zuen 2013ko ekainean. Mugimendu iraultzailea izan da. Elkartea modu esponentzialean hazi da eta hortik lurralde-ordezkaritzak sortuz joan dira eta horrek toki-adiministrazioarekin zein familiekin eurekin hurbilagotik lan egitea ahalbidetu du. Horrez gain, estatu osoan bestelako elkarte eta entitateak ere sortu dira errealitate honi babesa emateko: Daniela Fundazioa, Arelas, Transhuellas, TTCórdoba

2015ean 8 familiaren artean sortu genuen Chrysallis Euskal Herria; bere baitan 2019. urtearen hasieran Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 100 familia baino gehiago biltzen ditu eta jendartera izen berri batekin aurkezten da: Naizen, Euskal Herrian ez ezik, espainiar estatuan zein naziortean ere erreferentzia bilakatu den elkartea egindako lan eta ekarpenengatik.

Familia elkarteetatik egiten ari den lana izugarria da: familiei laguntza eskaini, administrazioan zein legean aldaketak lortzeko erakundeekin lan egin, errealitate hau ikusaraziz eta ezagutzera emanez, komunikabideetan informazioa zalbaduz, baliabideak sortuz… Berebiziko indarra du horrek guztiak eta Ares Piñeiro gizon transexual eta aktibistaren hitzak oso argigarriak dira horretan: “Gure eskubideen aldeko borrokan ari ginen gizon eta emakumeak ginen lehen. Egun, aldiz, euren seme-alaben aldeko borrokan dihardute gurasoek eta hori geldiezina da.”

Ares Piñeiro

“Gure eskubideen aldeko borrokan ari ginen gizon eta emakumeak ginen lehen. Egun, aldiz, euren seme-alaben aldeko borrokan dihardute gurasoek eta hori geldiezina da.”

Haur transexualitatea komunikabideetan

Azken urteotan Estatu espainiarreko komunikabideetan haur transexualitatearen gaia etengabe agertu da, batez ere 2014an La2 telebista-katean emandako El sexo sentido” dokumentalaz geroztik. Chrysallis Euskal Herria elkarteak 2017an buruturiko “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”  kanpainak ere inflexio puntu bat ezarri zuen errealitate honen ezagupenean. Horrez gain, komunikabideek gero eta ezagutza eta errespetu handiagoz jorratzen dute gaia.

Duela 10 urte ia inork ez zuen haurren transexualitateari buruz hitz egiten eta egun aldiz, ia etxe guztietan errealitate honi buruzko zerbait entzun da. Hala, guraso guztiek dute nolabait horren berri eta kasua bada, euren seme-alabei aditzeko aukera dute.

Horri gaineratzen badiogu elkarte ezberdinek eta zenbait administrazio publikotatik eskaintzen dituzten arreta zerbitzuak eta gaur egun eskura dagoen bibliografia, baliabide didaktikoak  eta interneten bidezko informazioa, gaur egungo familien panorama samurragoa da duela 10 urte ia ezer ez zuten eta, hala ere, sarerik gabe aurrera egitea erabaki zuten familien egoerarekin alderatuta.