Sexu-identitatea prozesu mentalekin dago lotua, eta ez da genitaletan aurkitzen. Gauza bat da daukaguna eta, bestea, garena.
Sexu-identitatea ni naizen neska edo mutila izateko modu berezia da. Sexu-identitatea garatuz eta aldatuz joango da bizitza guztian zehar, eta, aldiz, norberaren autopertzepzioa, neska edo mutila den jakitea, dakigunagatik, mugiezina da.
Sexu identitatea eta transexualitatea ulertzeko giltzarriak
Hamaika giltzarri sexu-identitatea, sexu aniztasuna eta transexualitatea ulertzen laguntzeko
1. Mutila izan, neska izan, lotuta daude norberak duen bere buruaren auto-pertzepzioarekin, nola identifikatzen den bakoitza
Sentitzea bera baino gehiago (“Mutila sentitzen naiz”, “Neska sentitzen naiz”), jakitea da (“Badakit mutila naizela”, “ Badakit neska naizela”).
2. Norbait neska edo mutila den jakiteko modu bakarra dago: galdetuta.
Sexu batekoa edo bestekoa izatea, soilik bi urtetik aurrera jakin dezakegu ziur. Adin horrekin, lengoaiaren eskuratzearekin batera, haurra hitz egiten hasiko da eta “Neska naiz” edo “Mutila naiz” baieztatuko du.
3. Genitalek ez dute sexu-identitatea zehazten
4. Subjektu sexuatu guztiak maskulinoan edo femeninoan sexuatzen dira
Guztiok dauzkagu, neurri desberdinean, ezaugarri femenino zein maskulinoak. Ezaugarri maskulinoak esaten diegu, maiztasun handiagoan agertzen direnean gizonengan emakumeengan baino; eta ezaugarri femeninoak dira emakumeengan maiztasun handiagoarekin agertzen direnean. Maiztasun handiagoarekin agertzeak ez du adierazten beti agertzen direnik. Hain zuzen, kontrakoa adierazten du: ez direla beti agertzen.
5. Kasurik gehienetan mutilek zakila dute eta neskek bulba
Horregatik, begiratzen dira genitalak haurrak jaiotzean, jaioberriaren sexua zein izango den igartzeko. Baina horrela ez da beti asmatzen.
6. Kasu batzuetan mutila zela uste genuena (zakila zuelako) neska dela jakiten dugu (hala dela adierazi duelako). Eta alderantziz
Haur-transexualitateak neska eta mutil horien errealitatea izendatzen du, hain zuzen, jaio zirenean genitalak begiratuta, sexu okerra izendatu zitzaien horiena. Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak dira.
7. Transexualitatea sexu aniztasunaren adierazpenetako bat da
Transexualitatea ez da ez gaixotasuna, ez desoreka eta ez anomalia.
8. Orain dela urte gutxira arte, haur transexualitatea ikusezina eta pentsaezina zen
Inork ez zuen entzuten neska-mutil hauek adierazten zutena; isilarazi egiten ziren, zuzendu egiten zitzaien, zigortu egiten ziren. Eta sufritu egiten zuten, ezin baitziren izan benetan zirenak.
Haurtzaroan beraien identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen artean suizidio saiakera tasa %41ekoa da, gizartean dagoen tasa %1,6koa denean.
9. Gaur egun errealitate honetaz pentsatu, ulertu eta, ondorioz, lagundu egin dezakegu
Dagoeneko ezagutzen ditugu transexualitate egoeran dauden neska-mutilak eta beraien sexu-identitatea errespetatuta eta onartuta bizi direnak. Eta bere bidea egiten ari dira haziz, barrezka, jolasean…