Sexu batean bestean baino maiztasun handiagoan agertzen diren ezaugarriak. Maiztasun handiagoarekin agertzeak ez du esan nahi beti agertzen direnik. Hain zuzen, kontrakoa adierazten du: ez direla beti agertzen.
Transexualitateari buruzko terminologia
Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko terminologia eta oinarrizko glosarioa
Sexu-ezaugarriak
Sexu-ezaugarri primarioak
Jaio aurretik sexuatzen diren ezaugarriak: kromosomak, gonadak, genitalak…
Sexu-ezaugarri sekundarioak
Nerabezaroan garatutako sexu-ezaugarriak: aurpegiko ilea, ahotsaren tinbrea, giharren garapena, gantzaren banaketa, ugatz-guruinen garapena, eiakulazioaren hasiera, hilekoaren hasiera…
Zisexuala
Pertsona baten sexua jaiotzean suposatutu zitzaion sexuarekin bat datorrela adierazteko adjektiboa.
Zisexualitatea
Jaiotakoan, genitalak behatu ondoren, sexua zuzen suposatutako pertsonen egoera. Hau da, bulbarekin jaiotako emakumeak eta zakilarekin jaiotako gizonak.
Femeninoa
Emakumeetan gizonetan baino maiztasun handiagoarekin ematen dena.
Maizago emateak ez du beti horrela denik esan nahi. Hain zuzen ere, alderantzizkoa adierazten du: ez dela beti ematen. Femeninoak ez du esan nahi “emakumearena”, ez “emakumezkoena”, ezta “emakume egiten zaituena” ere.
Generoa
Gizarte bakoitzak gizon eta emakumeei esleitzen dizkien rol, portaera, jarrera, jarduera, atributu eta beste ezaugarri bereituak. Sexu batekoa edo bestekoa izateagatik gizartearen espektatibak eta inposaketak.
Zenbait arlotan hitz hau “sexu”aren sinonimo gisa erabili ohi da, herrialde anglosaxoien eraginez, baina erabilera honek nahasten du norbera dena (sexu-identitatea), nolakoak izan behar dugun ezartzen duten inposaketekin (genero-inposaketak).
Sexu-identitatea
Sexu batekoa edo bestekoa hauteamatearen eta sentitzearen ondorioz norberak dituen bizipenak. Norberaren gizon edo emakume izatearen modu berezia.
Sexu-identitatea bizitza osoan zehar garatzen eta eboluzionatzen da, gizon edo emakume izatearen auto-pertzepzioaren gainean, (ezagutuz goazenaren arabera, aldaezina), eta besteen begiradak eta gizarte testuinguruak (bereziki generoaren inposaketekin) baldintzatua.
Intersexuala
Ezaugarri femenino eta maskulinoak dituena.
Pertsona guztiak intersexualak izanik ere, maskulinoan eta femeninoan sexuatzen baitira, zenbait ingurutan termino hau, laburketa bat eginez, sexu-desberdintze prozesuan garapen ez ohikoa izan duten pertsonak izendatzeko erabiltzen da, bereziki hau genital edo gonadetan izan denean.
Intersexualitatea
Nozio eta teoria honek azaltzen du subjektu sexuatu guztiak maskulinoan eta femeninoan sexuatzen direla, eta hortaz guztiek ezaugarri maskulinoak eta femeninoak dituztela.
Intersexualitateak sexu-aniztasunaren adierazpen guztiak ulertu eta azaltzeko aukera eskaintzen du.
Gertaera unibertsala izan arren, zenbait ingurunetan, laburketa bat eginez, sexu-desberdintze prozesuan garapen ez ohikoa aipatzeko (morfologia genitala ez bada gehiengoarena bezalakoa, kromosomak ez badira ohiko XX edo XY, sexuazio kromosomikoa noranzko batean eta kanpo genitalena beste batean eman denean, etab.)
Maskulinoa
Gizonetan emakumeetan baino maiztasun handiagoarekin ematen dena.
Maizago emateak ez du beti horrela denik esan nahi. Hain zuzen ere, alderantzizkoa adierazten du: ez dela beti ematen. Maskulinoak ez du esan nahi “gizonarena”, ez “giznoena”, ezta “gizon egiten zaituena” ere.
Sexuazio prozesua
Sexuazio-prozesua sexu-desberdintze prozesua da, honen bidez gizon eta emakume egiten gara, maskulinoan eta femeninoan, denok bi nornazkoetan sexuatzen gara, hori bai, ezaugarri bakoitzean intentsitate eta neurri ezberdinean.
Sexua
Gizon edo emakume izateari egiten dio erreferentzia, edo hobeto esanda gizon edo emakume egiteari (sexuazio-prozesua), bizitza osoan zehar, denok bi sexuetako ezaugarriekin.
Hitz hau organo genitalak izendatzeko ere erabiltzen da, edo baita hauekin egindakoa ere, baina erabilera horrek nahasten ditu garena, daukaguna eta egiten duguna.
Sexuala
Sexuari, edo sexuei, gizon eta emakume izateari egiten dio erreferentzia.
Hitz hau genitalen (“organo sexuala”), baita kitzikapen edo orgasmikoaren (“erantzun sexuala”), edo kopularen (“erlazio sexual)… adieren sinonimotzat ere erabiltzen da. Baina adiera hauek nahastu egiten dute zer garen, zer daukagun eta zer egiten dugun.
Transexuala
Pertsona baten sexua jaiotzerakoan suposatu zitzaionarekin bat ez datorrela adierazteko erabiltzen den adjektiboa.
Termino hau izen gisa ez erabiltzea gomendatzen dugu (adib. “transexualek esan dute”), ondorioz ez baitigu nori buruz ari garen ikusten uzten, bere ezaugarri bat baino ez, osotasuna zati batez ordezkatuz, norbanako hauek transexualitateak definitzea eginez.
Uste dugu adjektibo gisa erabiltzean ere zuhurrak izan behar dugula, berehala diagnosi etiketa bilaka baitaiteke.
Gainera, haurtzaroaz ari garenean haur gehienek ez dute etiketa honen beharrik, eta euren garapenean oztopo izan daiteke. Gure haur txikienek inoiz ez dute “ama, transexuala naiz” esaten. “Ama, ez naiz neska, mutila naiz” edo alderantzizkoa esaten dute. Beste kontu bat da, nerabezaroan edo helduaroan, “transexual” edo “trans” terminoak etiketa politiko gisa, munduan leku bat egiteko, aldarrikapenerako edo borrokarako balio dienean.
Transexualitatea
Jaiotakoan genitalak behatu ondoren sexu okerra suposatu zitzaien pertsonen egoera. Hau da, zakilarekin jaiotako emakumeak eta bulbarekin jaiotako gizonak.
Hitz honen egokitasunaren gaineko zalantzak ditugu, etimologikoki “trans” hitzaren esanahia “harago”, “bestalde”, “zehar” delako, eta ziurrenik ez dira hauek terminoak adierazten duen errealitatea hobekien ulertzen laguntzen duten adierak. Guk erabiltzen dugu errealitate hau izendatzeko erabili den termino “klasikoa” delako eta momentuz hoberik ez dugulako.
Trans
Transexual hitzaren sinonimo gisa erabiltzen da.
Hizkera arruntean baliagarri izan arren, semantika mailako galera garrantzitsua dakar, (trans) zirkunstantziala denarekin geratu eta garrantzitsu eta funtsezkoa (sex), hau da neska edo mutila izatea, ezabatu egiten baitu.
Trantsitua
Transexualitate egoeran dagoen pertsona bat bere sexu-identitatearen arabera bizitzera igarotzen den prozesua.
Trantsitua batez ere gainerakoek egiten dute, eta bereziki, begiradari buruzko trantsitua da, gainerakoek duten pertzepzioa, (benetan den) mutila ikusten joatea lehen (uste genuen) neska ikusten genuen lekuan (eta alderantziz).
Badira zenbait termino beste elkarte edo latitudetan erabiltze direnak, eta, hauen erabilera eta erabiltzeko arrazoiak errespetatzen baditugu ere, gure elkartean ez ditugunak erabiltzen, adierazten duten errealitateari erreferentziarik egiten ez dugulako edo ulertzen laguntzen ez dutelakoan gaudelako.
Genero-identitatea
Ingurune batzuetan genero identitatea “sexu identitatearen” sinonimotzat erabiltzen da.
Generoak erreferentzia egiten badie sexu batekoa edo bestekoa izateagatik gizartearen espektatiba eta inposaketei, kontraesana dirudi inposaketa horiei erlazionatuta identitateari buruz hitz egitea. Nire identitatea, ni naizena, inposaketa horiek baldintzatzen dute bai, baina ni ez naiz inposaketa horiek.
Transgenero
Ingurune batzuetan “transexualaren” sinonimotzat erabiltzen da transgenero terminoa, baina genero-identitatea adierazteko aipatutako kontraesan bera dauka.
Zenbait ingurunetan “transgenero” modu erabat desegokian erabiltzen da, zirugia genitala egin nahi duten edo egin duten pertsonen (haunetzako “transexual” hitza erabiltzen dute), eta egin ez duten edo egin nahi ez duten (haunetzako “transgenero” erabiltzen dute) pertsonen arteko bereizketa egin nahian, honela onartezineko kategoria eta hierarkiak ezarriz.
Niñes
Espainieraz, zenbait ingurunetan, “niñes” terminoa proposatu da maskulino generikoaren alternatiba gisa (“han venido todes”), eta baita ez neska, ez mutila denarentzat.
Gure seme-alaben kasuan, “niñes” generikoa erabiltzea, gure seme-alabek hainbeste borrokatu behar izan duten hori ukatu eta ikusezin bihurtzen du: euren sexua, diren neska edo mutil hori aitortua izan dadin.
Gainera, errealitatea hobeto ulertzeko proposamen linguistiko egokien bilaketa positibotzat jotzen badugu ere, mota honetako neologismo honen erabilerak gaurko egunean komunikazioa zaildu egiten duela dirudi. Ulertzeko zailak dira erabili ohi diren hainbat esaldi: “Nuestres hijes necesitan ser comprendides, respetades y amades, tanto por sus hermanes, como por les abueles, les tíes, les primes y también les vecines, les maestres y les amigues, pero sobre todo por nosotres, les adres mismes.”
Beste kontu bat da “niñe”ren erabilera: ez neska ez mutil dena izendatzeko orain gutxi proposatu den terminoa. Gaur egun ez dago errealitate honi buruzko ia ezagutzarik eta oso garrantzitsua deritzogu hau ulertzeko aurrera egiteari, laguntzeari, ikustarazteari eta eskubideen alde egiteari.
Gure elkartean ezagutzen dugun eta lantzen dugun errealitatea neskak direla eta mutilak direla esaten dutenena da. Hurbileko errealitateak izan baitaitezke ere, laguntza beharrak oso bestelakoak dira.
- Zakila duten neskek eta bulba duten mutilek sufritu egiten dute, besteek ez dituztelako haiek diren neska edo mutila bezala ongi sailkatzen, eta zuzen sailkatzea nahi dute.
- Ez neska ez mutila direnek neska edo mutik gisa sailkatzen dituztelako sufritzen dute, ez dutelako sexualki sailkatuak izaterik nahi.
Pertsona ez-binario
Adiera hau ez gizon, ez emakume sentitzen direnak izendatzeko erabiltzen da. Pertsona hauekiko errespetu osotik, ez dugu adiera hauek erabiltzen, pertsona ez-binarioei buruz hitz egiteak pertsona binarioei buruz hitz egitea dakarrelako, eta gure ustez ez delako pertsona binariorik existitzen; hau da, pertsona guztiak, bai gizon, bai emakume, intersexuala direlako, bi sexuetako ezaugarriak dituztelako.
Trans*
Trans* terminoa, giro batzuetan proposatutako terminoa da, errealitate eta bizipen ezberdinak biltzeko “aterki” zabal modura, hau da, sexu identitatearekin edo bizitzeko edo espresatzeko normatibo ez diren eta genero inposaketek murrizten dituzten bizipen ezberdinak biltzeko.
Hauek jasotzen ditu: transexualitatea, trabestismoa, genero inposaketetatik aldentzen diren portaerak, genero inposaketekin kritiko diren jarrera politikoak…
Zenbait testuingurutan errealitate anitz adierazteko balio du eta baita borrokak biltzeko. Baina aldi berean errealitate ezberdinetako zehaztasunak ulertzeko nahastea eta zailtasuna eragin dezake, esaterako, errealitate ezberdinen behar ezberdinak laguntzeko.
Transexualitateaz hitz egiten dugunean ulermena zailtzen duten zenbait adierazpen aurkitzen ditugu. Hemen ez gara norbera bere buruaz ari denekoari buruz, norberaren bizipena ez baita inolaz ere eztabaidagarri.
Transexualitatearen errealitatea deskribatzeari buruz edo orokorrean honen gainean hitz egiteari buruz ari gara. Bestetik, esan behar da zenbait pertsonentzat adiera hauek iraingarriak eta mingarriak direla.
“Okerreko gorputzean jaiotako mutilak (edo neskak)”
Nola izango da okerra norbaiten gorputza, norberarena? Gorputza ez da zuzena, ezta okerra ere. Gorputza da. Gorputz bakoitza den bezalakoa da. Ezberdina, ez baitaude bi gorputz berdin. Zein gorputz diren onak eta zein ez, zein zuzenak eta zein okerrak, zein gorputzek balio duten eta zeinek ez, honek ez dauka zerikusirik errealitatearen behaketa objektiboarekin.
Okerrekorik bada, izatekotan, gizartearen begirada izango da, gainerakoen begirada: juizioz beteriko begirada hori.
“Mutil gorputza duen neska”(edo alderantziz)
Neska bada, neskaren gorputza du, neska honena: hortaz, bere gorputza neskarena da. Zakila duen neska da (mutil gehienak bezala).
Bere zakila neskaren zakila izango da. Neska baten zakila delako.
“Neska sentitzen den mutila”(edo alderantziz)
Neska sentitzen bada, neska dela badaki, ez da mutila izango, neska baizik. Adiera honetan hitz egiten duenak egiten duen suposizioa egiatzat hartzen du eta, era berean, norberak adierazitako identitatea erlatibizatu egiten da, ezbaian ipintzen da, ez da kontuan hartzen, gutxietsi egiten da.
“Neska izan nahi duen mutila”(edo alderantziz)
Neska edo mutila izatea ez da nahi kontua, ez da aukeratzen. Ez da “izan nahi dudana”, baizik “naizena”. Dena dela, mutil eta neska hauek nahi dutena zera da: benetan diren mutil edo neska bezala ikus ditzaten. Ez da “mutila izan nahi dut”, baizik “gainerakoek mutila naizela onartzea nahi dut”.
“Gizonen genitalak” edo “emakumeen genitalak”
Bulba bat emakumearena izango da emakume batena bada, eta gizonarena gizon batena bada.
“Sexu biologikoa”
Sarri, adiera honek genitalei egiten die erreferentzia eta zenbaitetan kromosoma edo hormona mailei.
Baina adiera honek nahastu egiten ditu sexuazio ezberdinak eta ez du kontuan hartze, esaterako, emakume batzuk XY kromosomak eta bulba dutela, edo XX kromosomak dituzten emakume batzuk gizonezko gehienek baino testosterona maila handiago dutela. “Sexu biologikoaz”, “sexu psikologikoaz” etab. hitz egiteak nahastea baino ez du eragiten. Ikusten duguna, noranzko batean edo bestean sexuatuz doazen ezaugarri ezberdinak dira, maskulinoan eta femeninoan. Hobe genuke kromosoma-sexuazioari gonadal-sexuazioari, genital-sexuazioari… buruz hitz egitea. Eta “sexuaz” hitz eginez gero, hobe genuke subjektuari erreferentzia egitea, eta ez honen atal edo zatiei.
“Sexu aldaketa”
Genitalak moldatzeko egindako ebakuntzak adierazteko erabiltzen den adiera hau guztiz okerra da.
Genitalen morfologia alda daiteke, baina norbait gizon edo emakume izatea aldaezina da. Eta gutxiago ebakuntza egitea. Ikus dezakegunez, behin eta berriz nahastu egiten dira sexua eta genitalak. Behin eta berriz sexua ikusten uzten ez diguten genital horiek.
Pertsona transexualek ez dute sexua aldatzen. Ez dute bere sexu kategoria aldatzen; aldatzen dutena (edo, gutxienez, saiatzen dira) gainerakoek esleitu dieten sexu-kategoria da.
“Gizonak, emakumeak eta transexualak” edo “Hirugarren sexua”
Emakume transexualak emakumeak dira, eta gizon transexualak gizonak. Ez dira besterik. Termino hauekin hitz egiteak haien identitatea ukatu egiten du, eta sufrimendua sortzen diena indartzen du: ez onartzea “naizen gizona izatea”, “naizen emakumea izatea”.
Maiz erabiltzen ditugun, eta errealitatea ulertzea zaildu egiten duten bi adiera aipatu nahi ditugu, bi gailu moralizatzaile baitira, ondo dagoena eta ez dagoena, zer den beharrezkoa eta ez ezartzen dutenak.
Normala
Normala denaz mintzatzean edo zerbait normala den adierazten dugunean oso tanpa arriskutsuan erortzen gara, ia konturatu gabe, banaketa estatistikoaren normalitatetik arau moralaren normalitatera igarotzen baikara. Hau da, ohikoa denetik izan behar denera.
Hortaz, ez ohiko diren fenomenoak izan behar ez direla esatera igarotzen gara. Eta horren ondorioz, dena arauaren barruan sartzen saiatzen gara, normala izan dadin. Uler dezagun normala denaz hitz egiten badugu, “”anormala” dena ere izango dela. Are gehiago normala ez den guztia anormala dela.
Naturala
Era berean “normal” adieraz bezala, naturalaz hitz egiten da, horrela dena horrela izan behar duelako adierazteko, naturaren legeei jarraitzen diolako. Eta bitxia da naturak behin eta berriz aniztasuna sortzen baitu.
Zenbaitetan natural adiera kultura adierari kontrajarrita erabiltzen da, eta, gizabanakoaren kasuan, natura eta kultura banatu ahal diren galdetu beharko genioke geure buruari.
“Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” adierazpena da, agian, errealitate hau hobekien adierazten duena.
Adierazpen objektiboa eta ulerterraza da, errealitatea zuzenean ikustarazten duena, epaitu eta etiketatu gabe. Subjektua eta honen identitatea erdigunean ipiniz “badaude neskak eta mutilak”, eta zakila eta bulba edukitzea hauen ezaugarri bat bezala azalduz.
Adierazpen xume eta indartsu honek, gainera, gure egitura mental asko apurtzen ditu. Eta beharrezkoa da identitatea desgenitalizatzeko bidean, izan ere, hori baita lehenengo urratsa argi eta garbi adierazteko gauza bat direla genitalak eta beste bat identitatea.
Izan gaitezen hitzek eta zehaztasun txikiek duten garrantziaren jakitun. Ikus ditzagun, esaterako, esaldi hauek:
“Zakila badu ere, neska da” edo “Zakila du, baina neska da”
Bi baieztapenek traba bat jartzen dute, neska eta zakila kontrajartzen dituzte, zakila ez dagokion, beharko ez litzatekeen zerbaiten gisa adierazten dute. Adierazpen hauek, azken finean, ez dute errealitatea erabat onartzen, ezta ulertzen ere.
Oso ezberdina da honakoa esatea:
“Neska da eta zakila du”
kasu honetan errealitatea den bezala adierazten du, eta, gainera, errealitatea baieztatu eta berretsi egiten du. Zenbateko aldea dago “baina” edo “nahiz” bezalako hitzen kontraesan edo amore ematearen eta “eta” batek adierazten duen baieztapenaren artean.
Edo honako esaldi hau:
“Zakilik gabeko mutila da”
Baieztapen honek gabezia bat adierazten du, errealitatean ez, begiradan dagoen gabezia, espero zen hartan soilik dagoen gabezia.
Bai desberdina honakoa esatea:
“Bulba duen mutila da”
errealitatea den moduan adierazten duen baieztapena, eta, gainera, balioan ipinita. A zer aldea “gabeko” hitzaren gabeziaren eta “duen” baieztapenaren artean.