Transexualitatea eskolan laguntzen
Familiaren ostean, eskola da ingururik garrantzizkoena haur gehienentzat. Horregatik, erabakigarria izango da eskola ingurunean transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen sexu identitatea onartua eta errespetatua izatea.
Eskolak haur guztientzat leku segurua izan behar du, norbera dena hazi eta garatzeko leku segurua. Horregatik, erabakigarria izango da sexu-identitatea onartua eta errespetatua izan dadin. Bulba duten mutilak diren bezala ikusiak eta onartuak izan daitezen: mutilak. Zakila duten neskak diren bezala ikusiak eta onartuak izan daitezen: neskak.
Hori bermatze aldera, haur hauen oinarrizko beharrizanei erantzungo dieten esku-hartze protokoloak zehaztu beharra dago.
Ikastetxean sexuaren arabera bereizitako instalaziorik egonez gero, komunak edo aldagelak esaterako, haur guztien sarbidea eta erabilera bermatu behar da, norberaren sexuaren arabera: mutilentzat komun batzuk baldin badaude eta neskentzat beste batzuk, mutil guztiek, bulba edo zakila izan, mutilen komunetara joateko aukera izan dezaten, eta neska guztiek, bulba edo zakila izan, nesken komunetara joateko aukera izan dezaten. Halaber, gauza bera egin beharko da sexuaren arabera ezberdindutako jardueretan zein uniforme ezberdindua erabiltzen duten ikastetxeetan.
Bestalde, umeren batek izena aldatzea erabaki badu, bertako langileek izen huraxe erabili beharko dute, bai eskola-orduetan, bai eskolaz kanpoko ekintzetan, eta administrazioko dokumentazio guztia egokitu egingo da (klaseko zerrenda, emaitzen buletina, ikasle-txartela eta abar), aukeratutako izena ager dadin. Eragotzi egin beharko da, gainerako izenak ez bezala, bereizgarriren batekin agertzea