Transexualitatea ulertzeko oinarrizko ideiak
Haur eta gazte transexualitatea ulertzeko oinarrizko ideiak
Sexuak gizon eta emakume izatearen egitateari egiten dio erreferentzia. Hobeto esanda, gizon eta emakume egiten joatearen egitateari, izan ere prozesu bat da, sexuatze prozesua, hau da, denok, neska nahiz mutil, bi sexuen ezaugarriekin, gure bizitza osoan zehar sexuatzen goazen prozesua.
Askotan, “genitala” esan nahian “sexuala” adjektiboa erabiltzen da, eta bada “genitalei” “sexua” deitzen dienik ere. Errealitatea ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da kontzeptuak ez nahastea: gauza bat dira genitalak, eta beste bat sexua. Gauza bat da norberak zer duen, eta beste bat norbera zer den.
Pertsona orok kategoria sexual batez izendatzen du bere burua, eta, era berean, interakzioan aritzen den pertsona guztiak sexualki klasifikatzen ditu, batzuetan klasifikazio horretan asmatu egiten du eta beste batzuetan ez. Eta egiten den norberaren nahiz bestearen sexu klasifikazioaren arabera, elkarrekintzak eta interpretazioak ezberdinak dira.
Ezinbestekoa da bi nozio nahasteari uztea: gauza bat dira genitalak eta beste bat sexua. Bat, daukaguna da, eta bestea, garena.
“Genitalak ez digute sexua ikusten uzten”
Efigenio Amezúa
Neska edo mutila izateak, norberak bere buruarengan duen pertzepzioarekin dauka zerikusia, norberak bere burua nola identifikatzen duen. Ez da sentitze hutsa (“neska sentitzen naiz”, “mutila sentitzen naiz”), baizik jakitea da (“Badakit neska naizela” “Badakit mutila naizeala”).
Autopertzepzio hau ez da garatzen, deskubritu egiten da. Eta modu desberdinetan adierazten hasten da, baita hitz egiten hasi aurretik ere: hizkuntzaren jabetzarekin, hitzaren bitartez adierazten da. Norbere burua neska edo mutil bezala jakitea lehen pertsona singularrean bakarrik adierazi daiteke (“neska naiz” “mutila naiz”) dagokion subjektibitatearengatik, hain zuzen (“Neska naiz, badakidalako hala naizela” “Mutila naiz, badakidalako hala naizela”). Modu bakarra dago norbait neska edo mutila den jakiteko: berari galdetuz.
Neska edo mutila izatea ez dute genitalek zehazten, eta ez dute genitalek erabakitzen. Ez da erabaki edo aukeraketa baten ondorioa. Norberari barrutik datorkion zerbait da.
Norberaren autopertzepzioaren oinarrian, besteen begiradarekin eta testuinguru sozialarekin ematen den elkarrizketarekin ematen da sexu-identitatearen eraikuntza, eta hau da ni naizen neska edo mutila izateko norberaren modu partikularra.
Sexu-identitatea egitate oso konplexua da. Giza sexualitatea eta psikismoa oinarritzen den ardatza da sexu-identitatea.
Bizitza guztian, faktore askoren eraginez garatzen eta bilakatzen joango da, prozesu biografiko bat delako. Garapen honetan genero espektatitek eta inposizioek pisu handia izango dute.
Beraz, neska edo mutil izatearen autopertzepzio horretan (orain arte ezagutzen dugunez finkoa, iraunkorra eta aldagaitza dirudien horretan) doa eraikitzen sexu-identitatea (inolaz ere estatikoa ez dena).
Ezinbestekoa da identitatea eta identifikazioaren artean bereizketa egitea. Identitateak nitasunaren zerbitzura egiten du lan, barrura begira, eta identifikazioak, berriz, gutasunaren zerbitzura egiten du lan, kanpora begira.
Tradizionalki pentsatu izan denaren aurka, ez da kanpo identifikazioa barru identitatea sortzen duena, baizik eta eraikuntzan dagoen identitatea da eredu jakin batzuekin identifikatzea behar duena, baina ez molde baten modura, baizik erreferentzia eta lehentasun modura.
“Zera galdetu nion: ‘Maitea, zer nahi duzu? Mutil bat bezala jantzi edo mutil bat izan? ” ‘Eta erantzun zidan: ‘Ez dut mutil bat izan nahi, mutil bat NAIZ!’
Sexu-ezaugarriak
Ezaugarri batzuk ez dute sexuarekin inolako zerikusirik (begien kolorea edo ilearena adibidez), baina badaude sexuarekin zerikusia duten ezaugarriak. Azken hauek sexu-exaugarriak dira.
Maskulinoak esaten zaizkie gizonetan emakumeetan baino gehiagotan ematen diren ezaugarriei, eta femeninoak emakumeetan gizonetan baino gehiago ematen diren ezaugarriei. Gehiagotan emateak ez du esan nahi beti ematen direnik. Izatez kontrakoa esan nahi du: ez direla beti ematen, hain zuzen. Beraz, maskulinoak ez du esan nahi “gizonezkoen ezaugarri propioa dena”, edo “norbait gizonezko egiten duena”. Eta femeninoak ez du esan nahi “emakumeen ezaugarri propioa dena”, edo “norbait emakume egiten duena” denik.
Maskulinoa eta femeninoa continuum bat dira, sexuen continuuma, maskulinoena eta femeninoena izatearen tarteko graduazio amaigabe bat sortzen duena. Eta gutako bakoitzak daukagun sexu-ezaugarri bakoitza continuum horren lekuren batean aurkitzen da.
Ezaugarri hauetako batzuk, ezaugarri anatomikoekin zerikusia dute. Adibidez; gizonetan emakumeetan baino gehiago ematen da aurpegiko ilearen agerpena, eta horregatik ezaugarri maskulino bat dela esaten dugu. Noski, badaude aurpegian ilerik ez duten gizonezkoak eta aurpegian ilea duten emakumeak. Beste sexu-ezaugarri batzuk adierazteko, jokatzeko, janzteko moduarekin, gustuekin, zerikusia daukate. Adibidez, gonak eramatea eta hauek eramateko modua, ilea luzeagoa edo motzagoa eramatea, orrazteko modua, takoiak eramatea, ezpainak margotzea, ibiltzeko modua, etab. Ezaugarri hauek ohiturekin eta usadio sozialekin dute zerikusia.
Gizon edo emakumeengan maiztasun handiagoarekin agertzeak ez du esan nahi beti agertzen direnik. Hain zuzen, kontrakoa adierazi nahi du: beti ez direla agertzen.
Norbanakoa, sexuatua izateagatik, ezaugarri femenino eta maskulinoen konbinazio baten emaitza da; horrek, desberdin eta antzeko egiten gaitu, aldi berean.
Intersexualitatea
Intersexualitatearen teoriak subjektu guztiak femeninoan eta maskulinoan sexuatzen direla azaltzen du.. Hau da, denok neurri desberdinetan ezaugarri femeninoak eta maskulinoak ditugula. Subjektu bakoitzak, sexuatua izateagatik, ezaugarri femeninoen eta maskulinoen konbinazio bakar eta berezia da, eta horrek elkarren desberdin egiten gaitu eta aldi berean elkarren antzeko egiten gaitu.
Intersexualitatearen bidez sexu-aniztasunaren gertaera guztiak ulertu eta azaldu ditzakegu. Bularrean ilerik ez duten gizonak egon daitezkeela, eta aurpegian ilea duten emakumeak egon daitezkeela ulertu dezakegu; androgenoei sentsibilitate eza duten eta XY kromosomak eta bulba duten emakumeak daudela; XX kromosomak eta bulba duten gizonak daudela; XY kromosomak eta zakila duten emakumeak daudela; makillatzea gustuko duten gizonak daudela eta boxeoa maite duten emakumezkoak daudela…
“Intersexualitea” hitza XX. mendearen hasieran Sexologiaren aitzindariek sortu zuten.
Genero inposaketak
Gizarte bakoitzak, neska eta mutilen jokabideen, ekintzen, gustuen eta moduen… inguruko espektatibak ezartzen ditu. Eta espektatiba hauek inposaketa bihurtzen dira: mutilak modu batekoak dira eta izan behar dute, eta neskak beste modukoak. Inposaketa horiek zaildu egiten dute norbera den bezala garatzea, eta sufrimendu handia sortzen dute.
Neska edo mutil izateagatik inposatzen eta exijitzen diren modu hauek rol sexualak dira, baita ere genero-rolak edo genero-inposaketak deitzen direnak, eta horiek ez betetzea zigortu egiten da sozialki.
Noski, inposaketa hauek ez dute aintzakotzat hartzen errealitatean neskak ez direla modu batekoak eta mutilak beste modu batekoak. Eta, gainera, ez dute hala izan beharrik. Neska bakoitza eta mutil bakoitza desberdina da bere izateko modu horretan. Neska bakoitza bere modura da neska eta mutil bakoitza bere modura da mutil.
Sexu-identitatearen eraikuntzan, genero-espektatibek eta inposaketek pisu handia edukiko dute. Genero-inposaketa horiek, kanpotik barrura, moldatzen saiatuko dira sexu-identitatea, barrutik kanpora ematen den mutil edo neska izatearen autopertzepzio horren gainean garatzen dena.
Baino norbait ez da neska hola izan dadin hezi dutelako. Hori bai, bere neska izateko modua oso baldintzatuta egongo da dauden espektatiba eta inposaketa sozial guztiengatik.
Transexualitate egoeran dauden neska-mutilen etxeetan, beren gurasoek ustezko sexuaren arabera hezi zituzten. Baina norbere burua neska edo mutil “jakitearen” indarrak, genero-inposaketak gaindituz, argi uzten du eraikuntza soziala ez dela neska edo mutil izateko arrazoia.
Neska bat ez da neska, hala izan dadin hezi dutelako. Hori bai, neska izateko modua oso baldintzatua egongo da genero espektatiba eta inposaketengatik.
Genitalen eta sexu-identitatearen arteko nahastea
Kasu gehienetan mutilek zakila dute eta neskek bulba dute.. Horregatik, haur bat jaiotzen denean haurraren sexua suposatzeko genitalak begiratzen dira.
Baina hau, ziurtasunez, haurrak hizkuntzaren jabetza garatzen duenean bakarrik ezagutu ahal izango dugu, bi urtetatik aurrera, hitz egiten hasten denean eta “neska bat naiz”, “mutil bat naiz” baieztapena egiten duenean.
Sexu-identitatea ezin baita subjektuaz kanpo asmatu; barrutik bakarrik izan daiteke adierazia. Kanpotik egin daitekeena adierazpen hori entzutea da, eta, hortik aurrera, onartzea eta laguntzea edo zalantzan jarri eta ukatzea da.
Mutil gehienek zakila izateak eta neska gehienek bulba izateak beti horrela izan dela pentsatzera eraman gaitu. Eta ez bakarrik beti horrela dela pentsatzera, baizik eta horrela izatearen arrazoia dela: norbera neska edo mutila dela dituen genitalengatik.
Baino arrazoitze hori okerra da, eta izatez, pixka bat pentsatzen badugu, ez da zaila sexu-identitatea prozesu mentalekin zerikusia duela ulertzea, ez dela genitaletan aurkitzen. Izatez, mutil batek istripu batean zakila galduko balu ere, inork ez luke dudan jarriko mutil izaten jarraituko lukeela. Genitalak ez direlako sexu-identitatea determinatzen dutenak.
“Genitalak hipotesi ona dira, baina axioma txar bat.”
Joserra Landa
Zer da transexualitatea?
Hainbat kasuetan mutil bat zela pentsatzen genuena (zakila duelako) neska bat da (berak hala adierazten duelako). Eta alderantziz.
Haur transexualitateaz ari garenean, jaio zirenean, genitalak begiratu ondoren, sexu okerra suposatu zitzaien neska eta mutilez ari gara. Bulba duten mutilak dira eta zakila duten neskak dira.
Ez bere gorputza ez bere burua ez daude oker. Horrela dira.
Bular zapala edo aurpegian ilea edo XY kromosoma duten emakumeak dauden bezala, eta ahots altua edo aldaka zabalak edo bular handiak edo ilerik gabeko bularra duten gizonezkoak dauden bezala. Zeren denok ditugu, neurri desberdinetan, bi sexuetako ezaugarriak.
Transexualitatearen inguruko prebalentziak datu oso ezberdinak adierazten dituztenez, ezinbestekoak dira datu fidagarriak adierazten dituzten ikerketak aurrera eramatea. Guk erabiltzen dugun estimazioa, eta gure ustez errealitatera gehien hurbiltzen den datua 1000tik 1ekoa da.
Transexualitatea ez da erabaki bat.
Transexualitate egoeran dauden neska-mutilek (besteek bezala) ez dute bere sexu-identitatea eraikitzen joango den sexu-kategoria erabakitzen. Kasurik onenean, ezagutu, deskubritu, onartu, azaldu eta kudeatu egiten dute. Eta, kasurik okerrenean, ez dute aurretik aipatutako ezer egiten, eta horrek sufrimendua baino ez die sortzen. Zeren, norbaitek ez badu bere burua ezagutzen, deskubritzen, onartzen, adierazten edo kudeatzen, orduan sufritu egiten du; eta norbaitek bere buruaren aurka borrokatzen duenean galdu egiten du, beti.
Transexualitatea ez da, ez gaixotasun bat, ez nahaste bat eta ez anomalia bat.
Transexualitatea sexu aniztasunaren adierazle bat da. Eta egoera honetan dagoen haur batek behar duena, beste haur guztiek bezala, bere inguruak entzutea, onartzea eta den bezala maitatzea da.