Erregistroan izena eta sexua aldatzea Estatu mailako lege baten menpe dago, hain zuzen ere Pertsonen sexuaren aipamena erregistroan zuzentzea arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legearen menpe. Lege horrek honako betebeharrak eskatzen ditu: 18 urtetik gora izatea, Espainiako nazionalitatea eta gutxienez bi urteko tratamendu medikua “ezaugarri fisikoak eskatutako sexuari egokitzeko”.
Indarrean dagoen legeak, beraz, adingabeen izen eta sexu aipamenaren aldaketarik ez du onartzen. Hala ere, 2019ko uztailaren 18an Auzitegi Konstituzionalak 14 urteko gazte bati izena eta sexu aipamena aldatzea baimendu zion eta ordutik epaitegietan 12 urtetik gorakoei izena eta sexu aipamena aldatzea ahalbideratzen ari zaie. Izan ere, Konstituzionalaren epaiak “heldutasun nahikoa” eta “transexualitate egoera egonkorra” egon behar direla adierazten du. Atxiki nahi izanez gero, hauxe da epaia: https://www.boe.es/boe/dias/2019/08/12/pdfs/BOE-A-2019-11911.pdf
12 urtetik beherakoentzat, epaitegi gehienetan onartzen ari dira adingabeen izen-aldaketa; alabaina, oso kasu gutxitan onartzen dute sexuaren aipamena aldatzea.
Horrez gain, 2018ko urriaren 23tik bada transexualen izen-aldaketa eskariei buruzko Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren instrukzio bat, erregistro zibilei transexualitate-egoeran dauden adingabeen izena izapidetzeko eskatzen diena. Hemen BOEko argitalpena jaitsi dezakezu (gaztelaniaz), behar duzun Erregistro Zibilera eramateko.
Izena edota sexu-aipamenaren aldaketa eskatzeko eraman beharrekoak:
- Eskabidea
- Hitzez hitzeko jaiotza-agiria
- Familia-liburua
- Adingabearen NANa, baldin badu
- Gurasoen NANak
- Errolda
- Izen berriarekin duen dokumentazioa: igerileku karneta, liburutegi karneta… ikastetxeko txostena, notak, Osakidetzako txartela, pertsona transexualentzako Eusko Jaurlaritzaren agiria…
- Txosten psikologikoa (Gurutzetako ospitaleko Genero Identitate Unitatera edo Transbidera joanez gero, hantxe bertan egingo dute; bestela, edozein psikologo kolegiatuk eginak balioko du)
- Pediatraren edo etxeko medikuaren txostena
- Argazkia, egungo irudia
Hautazkoak:
- Aldeko beste epai batzuk
- Senide ez diren bi lekuko proposatzea