Neskentzako nahiz mutilentzako komun desberdinduak baldin badaude… zein komun erabiltzen dute neska ile-gorriek? Eta beltzaranek? Eta ezkerrek? Eta zakila dutenek? Galderak ez dira zailak erantzuten, ezta? Guzti honek, agian, auzitan jar dezake zergatik bereizten ditugun neskak eta mutilak komunen antolaketan (benetan, zergatik?, zertarako?). Hori beste kontu bat da, ordea, berandu baino lehen jorratu beharrekoa izanda ere. Orain, baina, hobe da transexualitatearen auziarekin ez nahastea, kasu gehienetan zakila duten neskek eta bulba duten mutilek ez baitute bereizi gabeko komunik eskatzen. Izan ere, kasurik gehienetan, neskek nesken komunera joan nahi izaten dute, eta mutilek mutilenera, gainerakoek bezala.
Aldagela eta dutxak bereizita baldin badaude, zein aldagelatan aldatuko dira ballet egiten duten mutilak? Eta betaurrekodunak? Eta bulba dutenak? Funtsezkoa izango da, noski, inor behartuta ez egotea beste inoren aurrean biluztera. Azken finean, aldageletan biluztasunak soilik izango delako bizipen positiboa, behartua ez bada. Bulba duten mutilen eta zakila duten nesken kasuan, gainera, hausnartu egin beharko dugu nola egin halako egoerak ahalik eta eramangarrien, zaila izan baitaiteke haur hauentzat egoera hauek kudeatzea.