Trantsituaren gizarteratzea
Gure alaba edo semearen transexualitatea onartu ondoren, gure errealitatea gizarteratzen hasten gara
Familian errealitatea onartzen den neurrian eta begiradaren aldaketaren trantsitua mailakatuarekin hasten dela, familia zabalari adierazten eta inguruneari (lagunak, auzoa, eskola etab.) jakinarazten hasten da familia, ezagutza transmititzeko pedagogi lan eskerga egiten.
Zeregin hori oso nekeza izan daiteke une batzuetan baina, aldi berean, familiaren transitua sendotuko duen erreminta bat da: informazioa biltzen dute egoera azaldu ahal izateko, trebatu egiten dira, eta guraso hauek, askotan, transexualitate eta sexu-identitate gaietan aditu bihurtzen dira. Izan ere, errealitate hau ezagutzen ez duten eremu desberdinetako profesionalekin topo egingo dute (pediatrak, hezitzaileak, psikologoak, gizarte-langileak etab.) eta informazioa, baliabideak, erreferentzia etab. emango diete famili hauek.
Noski, gure errealitatea gizarteratzeko erritmo eta moduak oso kontuan hartu beharko du haurraren beharrak eta bizipenak zein diren.
“Galdetu genion ea nahi zuen bere lagunei konta geniezaien mutila zela eta ez neska. Ezetz esan zigun. Oso larrituta zebilen eta esan zigun etxean mutila zela baina kalean ez zela ez mutil ez neska. Errespetatu egin genuen. Oso gogorra da zure semeari entzutea kalean nahiago duela ezer ez izan, neska dela esatea baino. Esanahi handia duela uste dut berak nahiago izatea ezer ez balitz bezala ikusia izan, neska bezala ikusia izatea baino. Bazterketari zion beldurragatik ez zen gai bere egia kontatzeko une hartan. Zarena ezin izateak duen zama, bereziki oraindik zure nortasuna eraikitzen ari zarenean, oso zama handia da.”