Skip to main content

Mito eta gezurrak

Haur eta gazte transexualitatearen inguruko hainbat mito eta gezur agerian utziko ditugu

Haurtzaroko ustezko sexu-identitatearen egonkortasun eza

Psikologia munduan, haurtzaroa eta transexualitateari buruz hitz egiterakoan, zenbaitek baieztatzen dute sexu-identitatea ez dela egonkorra 7 urtera arte. Eta hortik ondorioztatzen dute ez dela egokia trantsitua adin horren aurretik egitea, sexu-identitatea oraindik ez baitago definiturik. Arrazoiketa horretan argitu beharreko hainbat tranpa daude gordeta.

Lehenik, argi eduki behar da gauza bat sexu-identitatea dela (neska edo mutila izateko era bereizgarria) bizitza osoan zehar aldatzen doana (eta, beraz, ezegonkorra dela esan dezakeguna); eta bestea, norbanakoaren sexuaren autopertzepzioa (mutila ala neska den jakitea), guk dakigunez behintzat, aldaezina dena.

Batzuetan sexu-identitatea terminoa erabiltzen da norbanakoak neska ala mutila den jakiteari erreferentzia egiterakoan. Baina egonkorra den ala ez esaten denean, ez gara ari sexu-identitateari buruz hitz egiten, norbanakoak neska edo mutil izatearen autopertzepzioaz baizik.

Argitu beharreko bigarren gaia da zer esan nahi duen egonkorra eta aldaketarik gabekoa dela. Psikologia arloan aztertu da haurtzaroan objektuek itxuran aldaketak eduki arren ezaugarri aldaezin batzuk dituztela ohartzeko gaitasuna garatzen dela; adibidez, materiaren birbanaketak ez duela eraginik masan, kopuruan, tamainan edo luzeran (plastilina zati bat modu ezberdinetan modelatzen badut, bolumena ez da aldatzen). Nozio honi Piaget-ek kontserbazio deitu zion.

Gaitasun hau haur gehienetan 7 urterekin lortzen da, gutxi gorabehera.  Eta badirudi sexuari dagokionez ere adin bertsuarekin gertatzen dela. Hau da, 7 urte eduki baino lehen, haurrek pentsa dezakete, eta horrela erakusten dute, mutila den norbait etorkizunean neska izan daitekeela; besteez edo beraien buruaz pentsa dezakete hori. Baina adin horretatik aurrera ohartzen dira norbanakoaren sexua denborarekin ez dela aldatzen: mutila denak mutila izaten jarraituko duela, eta neska denak, neska.

Zazpi urtera arte “Mutila naiz, baina handitan neska izango naiz” bezalako adierazpenak egin ahal dituzte, baina horrek ez du esan nahi bere burua neska edo mutil izatearen pertzepzioa ez dela egonkorra, baizik oraindik ez duela lortu kontserbazioa. Hau da, ez du esan nahi bere sexua alda daitekeela, baizik oraindik ez dakiela ezin dela aldatu.

Horregatik guztiagatik, sexu-identitatea haurtzaroan egonkorra ez dela esateak, haur hauei beren sexuaren arabera bizitzen utzi behar ez zaiela argudiatzeko, ez du inongo zentzurik eta, gainera horrelako adierazpenak egiten dituzten pertsonak sortutako sufrimenduaren erantzule bilakatzen ditu.

Psikologiako aditu bati irakurria nion sexu-identitatea ez dela egonkorra zazpi urteko adina eduki arte. Eta erabaki genuen hobe genuela haurrak 7 urte eduki arte itxarotea bere identitatea argi gera zedin. Izatekotan gu ginen argitu behar ginenak, gure alabak hasieratik baitzeukan argi. Baina, trantsitua egiteko, 7 urte edukitzera arte itxaron genuen. Ustezko aditu hari esker, gure alabak 2 urte pasa zituen goizero negar eginaz.

Atzera egiteei buruzko datuen faltsutasuna

Haur-transexualitateari buruzko literatura zientifikoaren gehiengoa ikuspuntu psikiatriko batetik egina izan da. Literatura horretan, modu ez zehatz eta anbiguoan erabiltzen da genero-disforia zoritxarreko terminoa, transexualitateari erreferentzia egiterakoan, beste errealitate batzuekin nahastuz eta egoera horren ikuspegi patologizatzaile batetik.

Argitalpen horietako batzuetan  trantsitua haurtzaroan egitea zentzuzkoa ez dela aipatzen da. Eta hori arrazoitzen dute “genero-disforia” duten haurren gehiengoak pubertaroan atzera egiten dutela” adieraziz. Ristrori-k eta Steensma-k (2016), adibidez, 317 kasuko lagin batetik %85ek atzera egin zutela adierazi zuten haien lanean, portzentajeetan %60 eta %98 bitarteko bariazioak zituzten hainbat ikerketa bilduz.

Haur transexualen atzera egiteen ehunekoa hain altua bada, nola liteke Estatu espainiarreko  adingabe transexualen familien elkarteek adieraztea ezagutzen dituzten  mila familia baino gehiagoren artean atzera egite kasu bat ere ez ematea? Zerbait oker dago… Ikus dezagun nondik ateratzen den %85 hori.

Ikerketa horretan erreferentzia egiten zaion lagin horretako herena 1987 aurretik eginiko ikerketatik dator, zeinetan kasuak laginean sartzeko irizpidea mutil maritxuak izatea zen, eta ez dirudi transexualitate kasuak identifikatzeko ganorazko irizpidea.

Bildutako beste ikerketetan DSMko genero-disforia diagnostikatzeko irizpideak erabiltzen dira. Irizpide nagusia, DSM-Varen azken bertsioan sine qua non irizpide bezala kontuan hartzen dena, honela dago adierazita: the experience of a strong desire to be of another gender or an insistence to be another gender. Irizpide honek, “edo” juntagailu hautakaria erabiliaz, bi errealitate oso ezberdin nahasten ditu:

“Beste sexukoa izatearen desira handi baten bizipena”, genero inposaketetatik aldentzen diren portaerei erreferentzia egingo liekeena.

  • Adibidez, makilatzea edo panpinekin jolastea gustatzen zaien mutilen kasua, horregatik adarra jotzen dietenean gaizki sentitzen dira eta neska izatea gustatuko litzaiekeela adierazten dute, “neska izango banintz, naizen bezalakoa izaten bakean utziko lidaketelako”. Neska maskulinoak eta mutil femeninoak dira. Haien izateko eta espresatzeko erarekin bat ez datozen genero inposaketak sufritzen dituzten bulbadun neskak eta zakildun mutilak dira.

“Beste sexukoa izateko tematurik egotea”, transexualitateari erreferentzia egingo liokeena.

  • Diren sexukoak izan nahi duten (nahiz eta besteek kontrakoa pentsatu eta adierazi) zakildun neskak eta aludun mutilak dira. Aukera ematen bazaie, trantsitua egiten dute beraien sexuarekin bat datorren moduan bizitzeko sozialki. Kasu batzuetan haur hauek, besteek haien identitatea behin eta berriz ukatua izangatik, ez dira “ni naiz” esateko gai eta “izan nahiko nuke” esanez adierazten dira, haien errealitatea ulertzea zailduz, aurreko puntukoarekin nahas baitaiteke.

Pubertaroa

Pubertaroan, neska maskulinoek eta mutil femeninoek ez dute sentitu ohi egonezinik bere gorputzaren aldaketengatik eta ez dute inongo tratamendu medikorik eskatzen. Horregatik genero-disforia diagnostikatzeari uzten zaie. Horiek dira (ikerketa horien arabera) atzera egiten dutenak.

Ordea, neska-mutil transexualek pubertaroan transexualak izaten jarraitzen dute. Hau da, “Ni beste sexukoa naiz” ziotenak (egia esan, “Ni naizen sexukoa naiz, eta ez zuek diozuenekoa” ziotenak) berdina esaten jarraituko dute. Kasu askotan, ez desiratutako bigarren mailako sexu-ezaugarrien garapenak sortutako egonezinaren aurrean, tratamendu medikoak eskatzen dituzte. Eta genero-disforiaren diagnostikoa mantentzen zaie. Horiek dira (ikerketen arabera) jarraitzen dutenak.

Ondorioak

Steensma et al. (2013)-ek egin zuten ikerketan, oso argigarria zen emaitza aurkitu zuten jarraikortasunarekin eta atzera egitearekin erlazionatuta: “Jarraitzen dutenek beste sexukoak zirela sentitzen zutela esplizituki adierazi zuten; atzera egin dutenek, berriz, mutil femenino edo neska maskulino bezala identifikatzen zirela eta soilik beste sexukoa izateko desira zutela esan zuten”. Hots, atzera egiten dutenek DSM-aren irizpideko lehen partea betetzen zuten (izan nahia) eta jarraitzen dutenek bigarrena betetzen zuten (izateko ekitea). Steensma-ren ikerketak, halaber, interes handiko beste datu bat erakusten du: bere laginean trantsitu osoa haurtzaroan egin zen kasuetan, inork ez zuen atzera egin.

Aztertzen ari garen nahasketaren iturria DSMaren sine qua non irizpidetik dator, guztiz desberdinak diren bi errealitate diagnostiko batean nahasten baititu. Egia esan, ez da jarraikortasun eta atzera egitearen kontua, baizik eta kasu-identifikazio okerrera eramaten dituzten diagnostikatzeko irizpide zehaztugabeen kontua.

Ustez atzera egiten dutenek ez dutelako ezer uzten alde batera. Gertatu dena da talde batean sartu zituztela (genero-disforiakoan) eta geroago atera egin zituztela. Zuzenki identifikatu balira, jarraitze-tasa %100ekoa izango litzakeela aurkituko genuke. Transexualak zirenek hura izaten jarraituko dutelako. Nahiz eta, egia esan, hau adierazteko modu zuzena ondokoa  da: neskak zirenek neskak izaten jarraituko dute eta mutilak zirenek mutilak izaten jarraituko dute.

Orain jakin dezakegu norbanakoak neska edo mutila izatearekiko duen autopertzepzioarekin erlazionatutako atzera egiteak ez direla ematen (ez neska-mutil transexualengan, ezta neska-mutil zisexualengan). Bai gerta daitekeena da haurtzaro guztian zehar lurperatuta dauden transexualitate kasuak ematea, gero pubertaro inguruan edo beranduago urgaineratzen direnak.

Informazio gehiago Baliabideak atalean:

Norberaren genitalei ustezko per se ukapena

Pertsona transexualek bere genitalei per se uko egiten dietela, gorrotatzen dituztela eta aldatu nahi dituztela hedatutako ideia dago. Pertsona heldu transexual askorentzat horrela da, eta bere genitalen bizipen oso txarra duten haur eta gazteak ere ezagutzen ditugu.

Baina beste kasu batzuetan ez da horrela. Izan ere, haien identitatea adin gero eta goiztiarragoetan onartu den etxeetan, eta bere genitalak eta bere identitatea kontrajarri ez zaizkienetan, bere genitalekin lasaitasun askorekin bizi diren neska-mutilak daudela ikusten ari gara.

Ez dakigu zein izango den heldu izatera iristen direnean izango duten genitalekiko bizipena, baina haien identitatea bere genitalak seinalatuz nola ukatzen zen ikusi zuten pertsonena baino nahiko hobea izango den hipotesiak ez dirudi zentzugabea. Izan ere, neska-mutil hauetako batzuk, jada, adin heldura hurbiltzen ari dira eta ez dute inongo ondoezik erakusten, bere genitalei dagokienez.

Orduan, norberaren genitalak arbuiatzea per se ematen den gertaera ez dela baiezta dezakegu, zer dutenagatik nor diren ukatzearekin du zerikusia.

Haurren genitalak behin eta berriz seinalatuz haien identitatea ukatzea da  (“Ezin zara neska izan zakila duzulako” edo “Ezin zara mutila izan alua duzulako”), ziur aski, genitalekiko bizipen txarraren kausa nagusia (“Ezin banaiz ni naizena izan, daukadana edukitzeagatik, orduan ez dut daukadana eduki nahi, naizena izan ahal izateko”).

Gehiago jakin nahi baduzu, zoaz hurrengo atalera: