Transexualitate ustezko egoera bat antzemateko zantzuak eta adierazleak
Neska edo mutila dela hitzez adierazten dute batzuetan, beste batzuetan keinuak, arropak edo jolasak izan daitezke adierazle. Hainbatetan oso argia da, beste batzuetan ez.
Batzuetan gurasoek ustegabeko portaera eta adierazpenak ikusten dituzte: jolasetan, keinukeran, esanahi sexuala duten ikono zehatz batzuekin identifikatzen direnean, lagunen sexu aukeran eta bestelako jokabide berezietan. Hainbatetan, inposatutako sexu-rolarekin garbi adierazten dute desadostasuna eta deserosotasuna. Ustegabeko ezaugarri horiek asko eta nabarmenak izan daitezke.
Ezaugarri horiek adierazi dezakete mutil “femeninoa” edo neska “maskulinoa” dela edo zakila duen neska edo bulba duen mutila dela. Baina ezaugarri horiek bakarrik ez dute balizko transexualitatea bere gain.
“Femeninoak” diren ezaugarriak mutil batean edo “maskulinoak” neska batean, besterik gabe, ez dute balizko transexualitatea ondorioztatzen.
Bakarra da zalantzarik gabeko eta behin-betiko transexualitate adierazlea: neskak edo mutilak hala adieraztea.
Transexualitate adierazle zalantzagabea
Bakarra da zalantzarik gabeko eta behin-betiko transexualitate adierazlea: neskak edo mutilak hala adieraztea.
Gertatu ohi da hitz egiten hasten denean esatea (bi urte t´erdi inguru dituenean). Horrelakoetan, bere adierazpidea garbia izan daiteke, zalantzarik gabekoa, irmoa, tinkoa eta aurrez aurrekoa (“ez naiz neska, mutila naiz”). Hori bai, nahiz eta adierazpena oso argia izan, batzuetan gurasoek ez dute entzuteko gaitasunik.
Beste egoera batzuetan, norberaren sexu-identitatearen baieztapena, uste zenarekin bat ez datorrena, bakarrik azaleratuko da aukera eta laguntza ematen bazaio: giro atsegin eta konfidantzazkoa denean. Eta, hala ere, batzuetan ez da adierazpen jarraiturik, argirik edo bistakorik egoten, eta beraz ez da erraza izaten antzematea.
Transexualitate kasuetako zantzuak
Zakila duen neska baten edo bulba duen mutil baten aurrean gaudenean, zantzu goiztiarrena eta lehenak hitzezkoak izaten dira, bere sexu kategoriari lotutakoak eta, hasieran, lapsus modura hartu ohi ditugu.
Genero-marka ere nahastu dezakete bere buruari buruz gaztelaniaz ari denean “Nene, guapa” edo “Nena, guapo”), eta txikitako hitzak erabili ditzakete, baikorrak (“Yo, princesa”) edo ezkorrak (“Guapo no, guapa”).
Ezinegona adierazten dute besteek sexualki oker sailkatzen dituztenean, ondoez hau handitzen joaten da denborarekin, lengoaiaren eskuratzearekin eta diskurtsoaren garatzearekin.
Desadostasuna agertzen dute haiengandik espero den sexu-rola dela-eta. Aldi berean, irmoki eta etengabe baztertzen dituzte esanahi sexual handia duten hainbat sinboloren erabilera eta hurbiltasuna (koloreak, jantziak, orrazkerak, apaindurak, ekintzak, keinuak, izendapenak etab.); esanahi sexuala duten ekintza zehatz batzuk ere baztertzen dituzte (panpinekin jolastea, gonak edo galtzontzilloak erabiltzea, apaindura zehatz batzuk jartzea, ilea moztea, trentzak egitea etab.)
Lengoia modu eraginkorrean eskuratutakoan, areagotu egiten dira maiztasunean eta intentsitatean, besteek egiten dituzten sexu kategorizazioei aurre egiteak eta ezezko esplizituak (“Ama, ez naiz neska!”) .
Aldi berean ohikoa da norberaren sexu autokategorizazioa (kontrakoa diotenean besteek) indartzea (“Mutila naizela mila aldiz esan dizut”, “ No estoy sentada, estoy sentado”); tratuan aldaketa eskatzea (“Neska bezala tratatu nazazun nahi dut”); edo beste izen bat duela adieraztea (“Ez deitu Eneko, Irati dei nazazu).
Bere errealitatea azaldu nahian, iragarpen modukoak egiten dituzte, askotan helduek haur jolasa edo fantasia balira hartzen dituztenak (“Handia naizenean pititoa eroriko zait eta neska bat izango naiz”, “Neska naizenean seme-alabak izango ditut” etab.).
Beraien mezuak eskaera forma ere izaten dute (“Pitito bat oparitu nazazun nahi dut”, “Sendagileak pititoa kendu nazan nahi dut”), agindu edo exijentzia forma (“Ez iezadazu gona gehiago erosi”, “Leire deitzen banauzu, kasurik ez dizut egingo”) edo galdera forma hartu dezakete (Handitzen naizenean pitilina aterako al zait?, “Sabelean umerik izango al dut?).
Beste guztiaren gainetik, haurrek gurasoek maite ditzaten nahi dute.
Familiaren erreakzioa zantzu hauen aurrea
Familiak harridurarekin, momentuko kontu bezala edo jolas modura hartzen ditu espero ez dituzten portaera eta adierazpenak. Familiaren portaera ukapenezkoa baldin bada, izan modu arinean edo zigorraren bidez, izan liteke haurrak nor den eta zer sentitzen duen ezkutatzea edo itxurak egitea.
Guztiaren gainetik, haurrek nahi dute gurasoek maite ditzaten. Sentitzen badute direnagatik maitatuak izateari utziko diotela, ezkutatzea erabaki dezakete, azalpenak emateari utzi edo itxurak egin ditzakete. Hain txikiak izanda oso gogorra da hautatu behar izatea “maitatua izatea” edo “bera dena izatearen” artean.
Familia konturatzen denerako “zerbait ez doala ondo”, haur hauek denbora daramate, edo seinaleak bidaliz bere identitatearekin zerbait gertatzen dela adieraziz, edo ezinegona behin eta berriz erakutsiz. Hain zuzen, haur transexualen guraso askok bat egiten dute adierazterakoan errealitatea onartzea baino, errealitate hori ikusten hastea izan dela zailena. Eta egin zituzten presioak arinak edo indarkeria handiagokoak izan zirela.
“Goiz guztiak gatazkatsuak ziren: ipintzen nizkion kulero guztiak zituen gorroto, oinetako guztiei egiten zien herra… Larunbat goiz bat dut gogoan. Bazkaria genuen eta txukun jantzi zedin nahi nuen. Gona polit bat oparitu genion eta egun egokia zen lehen aldiz janzteko. Ez zuen jantzi nahi izan; negarrez hasi zen eta hankei eraginez oso haserre. Ni, janzteko unean egunero genituen gatazkekin kokoteraino, planto egin nuen. Esan nion gona janzten ez bazuen kulerotan joango zela. Amore eman zuen eta gona jantzi zuen. Mina ematen dit zer egin nuen gogoratzeak ze orain ulertzen dut sentitu zuen umiliazioa.”
Adierazpena argia ez denean
Norberaren sexu identitatearen adierazpena argia ez denean, nahastu daiteke transexualitatea genero espektatibekin bat egiten ez duten neska-mutilen errealitatearekin. Ezinbestekoa izango da bi egoerak bereiztea, bakoitzaren beharrak desberdinak baitira.
“Nik mutila izan nahi dut” edo “Nik neska izan nahi dut” (edo “gustatuko litzaidake”) bezalako adierazpenak anbiguoak dira eta bi egoera desberdin hartu ditzakete bere baitan:
- Neska maskulinoagoak eta mutil femeninoagoak, zeinei ukatu eta zigortu zaien genero espektatibekin bat ez datozen portaerak:
“Mutila naiz baina neska banintz lasai utziko ninduke printzesetara jolasten. Hori da niri gustatzen zaidana. Horregatik nahi nuke neska izan.”
- Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak, zeinei ukatu zaien behin eta berriz bere sexu-identitatea (“Zu ez zara neska”), eta ukatu zaie ez bakarrik nor diren baita izateko aukera ere (“Zuk ezin duzu neska izan”). Honek guztiek eraginda, galdu dezakete gaitasuna nor diren bere buruari adierazteko, gizartearen argudioak bereganatu eta bere identitatea baieztapenetik baino desiratik adieraztera:
“Naizen neska izan ezin dudala esan didatenez, mutila izan beharko dut, hori baita ni naizela esaten dutena. Baina nik nahiko nuke izan uste nuen neska: neska izatea gustatuko litzaidake”.
Norberaren sexu-identitatearen adierazpena zalantzazkoa denean, zaila da ulertzea adierazten ari den hori. Horregatik, funtsezkoa da baldintza egokiak eskaintzea adierazpen argiago bat lortu ahal izateko.
Bi gako daude norabide honetan kontuan hartu beharrekoak: alde batetik, entzuketa aktiboa eta, beste aldetik, aniztasun gertakarien ezagutzaren transmisioa.
Bide hau zabaltzeko bada baliotsua eta erraza den palanka: argitasunez adierazi mutila izan daitekeela eta soinekoak janztea gustukoa izatea; eta neska izan daitekeela eta zakila izan (eta alderantziz). Informazio honen trasmisioa baliabide didaktikoekin erraztu daiteke
Batzuetan gurasoak beldur dira ezagutza eskaintzeak haurra baldintzatu eta bultza dezakeela alde batera edo bestera. Norbait neska edo mutila izatea aldatzea ezinezkoa izateaz gain, garrantsitzua da argi uztea ezagutzak ikuskera zabaldu besterik ez duela egiten, mutila edo neska horrek sentitzen duenari eta denari zentzua eman eta hitzak eskainiz. Modu horretan, ukazio eta inposizio bidez bere burua ez ulertzera eta adieraztera iritsi ondoren, aukera izango du bere sexu identitatea eta izateko modua bera ere pentsagarria izatea eta argitasunez adierazi ahal izatea: “Mutila naiz” edo “Neska naiz”.