Skip to main content

Transexualitatea etxean lagundu

Nola lagundu transexualitate egoeran dauden gure seme-alaben hazkuntza

Haur baten hazkuntzan laguntzeak esan nahi du bidea egin dezan baldintza egokiak eskaintzea, oztopoak kenduz, baliabideak eskainiz eta aukerak emanez. Nondik joan behar duen esan gabe (norberak bakarrik jakin baitezake). Bere alboan bidea eginez, juxtu urrats bat atzetik jarraituz eta eskua zabalik eta besarkada prest ditugularik. Horrela, bere bidea zein den erabakiko du, jakinik gu hor gaudela behar duen horretan laguntzeko prest. Galga edo frenorik jarri gabe eta bultzatu gabe.  Gu alboan egoteak ematen duen segurtasuna eskainiz, jakinik beraien erritmoa errespetatuko dugula eta dituzten beharrei erantzuteko prest gaudela. Bide guztien artean bere bidea eta erritmoa askatasunarekin aukeratu ditzan oparituko diogu. Eta guzti honek ez du ezer ez egitea esan nahi, alderantziz, bide guztietara iritsi dadin gauza asko egin beharko dira eta oso modu aktiboan gainera.

Gure jarrera ama eta aita gisa

Transexualitate egoeran dauden neska-mutilei nola lagundu hausnartzeko, ezer baino lehen geure buruari galdetu behar diogu nola hezi eta hazi nahi ditugun, bere identitatea uste genuenarekin bat datorren edo ez, kontuan izan barik.

Hezkuntzaren helburua

Hezkuntzaren helburua bada gure seme-alabek gurasoek esandakoa egin eta esan dezaten edota beraien apetak helduenak izan daitezen, etorkizunean mediku edo jostun izan daitezen familiako ohiturei jarraituz eta familiak hala erabakitzen duelako… orduan gure zeregina hainbat keinu eta portaera, hainbat jolas eta afizio, hainbat gune eta denbora debekatzea izango da eta haien lekuan, beste batzuk inposatzea.  Eta ez, hain juxtu, alaba edo semearen irizpideak jarraituz, baizik eta gure heldu irizpideak aginduta zer komeni zaion, zer egin dezakeen eta zer ez eta, baita neska edo mutila nola izan behar duen. Nolakoa izan behar duen eta zer izan behar duen, hain zuzen. Nor izan behar duen. Horrelako heziketa batek duen funtzioa da haurra nola izan moldeatzea, eta nahiz eta zaintza eta ongizatea dituen oinarrian, norberaren garapena zaildu dezake eta, gainera, sufrimendua sortu.

Baina bada hezteko beste modu bat askoz zentzudunagoa, emakorragoa eta adeitsuagoa: hazkuntza jarreratik egiten den laguntza ematea. Bere beharrak aintzat hartzean datza, gaitasunak sustatzea eta bakoitzak bere izate bakarra gauzatu ahal izatea; baldintza egokiak jartzean datza, horrela izate bakar eta desberdin izateko, aniztasunari lekua eginez.

Badago zentzuzkoagoa, emankorragoaeta atseginagoa den hezteko beste modu bat: beraien beharrei erantzutea, beraien ahalmenak sustatzea eta norbanakoaren berezko izaera garatzeko aukera bilatzen duena.

Sexu-identitatearen aurrean dugun jarreraren ondorioak

Funtsezkoa da argitzea sexu-identitateari dagokionez, gurasoon jokabidea ez dela gure seme-alabak mutil edo neska izateko arrazoi. Ezingo dugu, ezta ere, ezer egin beraien neska edo mutil diren autoperzepzioa aldatzeko.

Baina, egiten dugun horrek eragina izango du, hein handi batean, egoera honen kudeaketan. Gure asmoa bada egoera zedarritu, aldatu edo zuzentzea, sufrimendua sortuko dugu eta haurraren garapenean negatiboki eragingo dugu.

Zera lortuko dugu: gure seme-alaben estimua suntsitu eta beraiekin dugun harremana hondatzea (gainera, kasu batzuetan gure bikotekidearekin dugun harremana desegin edota gu geu erraustea). Hau guztia gertatu ohi da ezjakintasun, aurreiritzi, beldur, egozkorkeri eta errua gailentzen direnean.

Guraso bezala dugun portaerak ez du baldintzatzen gure seme-alabak seme edo alaba izatea. Baina egiten dugun horrek baldintzatuko du, hein handi batean, guzti hau nola kudetuko den.

Beldurra

Guraso askori beldurrak izugarri eragiten die. Askotan etorkizuneko balizko sufrimenduak eragiten du beldurra. Eta etorkizuneko sufrimenduari zaion beldur honek, errealitatea ez aldatzeaz gain, orain aldian sortzen du sufrimendua.

Beldurrak batzuetan eragiten du desio izatera gauzak diren bezela izan ez daitezen (“Adierazten didana onartu nahi dut baina, hala bada, zenbat sufritu beharko du handia denean? Hobe litzateke horrelakoa ez balitz…”). Baina gauzak diren bezalakoak dira eta ez dira norberak nahiko lukeen edo hobeto litzatekeela uste duen moduan. Eta beldur horrek, askotan, ezinezkoa bihurtzen du aurrera egin eta haur edo gazte horri bere sufrimenduan laguntzea.

Familia askorentzat, errealitatea onartzeko urratsa ematen denean, amildegi bat agertzen da non, izan zitekeenari zitzaion beldurra, gertatzen ari denari beldur bihurtzen den, hau da, izan zitekeen beldurra benetako errealitateari beldur bihurtzen den. Batzuetan horrek haserrea eta amorrua eragin ditzake, besteetan, aldiz, lasaitasuna (“Ados, listo, hau da dagoena. Ea orain zer egingo dudan honekin”).

Beldurrak, askotan, ezinezkoa bihurtzen du sufritzen ari den haur edo gazte horren beharrei erantzutea eta aurrera egitea.

Nire semea aspaldidanik ari da galztontzilloak eskatzen. Disgustura eta beldurrarekin galdetu nion ea galtzontzilloak erosi nahi zituen. Eserlekutik salto egin zuen begiak platera bezain handi, gainera bota zitzaidan, indar guztiekin besarkatu ninduen, mila muxu eman zizkidan eta mila bider errepikatu zidan zenbat maite ninduen. Bere ilusioak, indarrak, begiradak, pozak... gainezka egin zuten. Bera hegan zegoen eta ni hondoa jota. Beldurrak hondorarazten ninduen, denak bapatean zuen tamaina handiagatik, hondoratzen ari nintzen galtzontzilloak lehenago ez nizkiolako erosi, hondoratzen ari nintzen orduantxe ulertu nuelako lau urteko haurrak izugarrizko zama zeramala bizkarrean. Hondoratzen ari nintzen bere zama kendu nahi niolako. Banekien bizitza guztian zerri egin beharko zion aurre, eguna joan eta eguna etorri borroka etengabean, eta nik ezingo nuela ezer egin.

Doluak

Batzuetan sendiak dolu prozesuak bizi ohi ditugu: tristezia egoerak biziko ditugu, non, adibidez esango dugun “nire alaba galdu dut” edo “nire semea galdu dut”. Esaldi horiek benetan adierazten dutena da galtzen dudana dela nire ustez zena eta etorkizunean izango zena,  itxaropenak eta fantasiak… Eta prozesu hauek egoera berrira emozioen egokitze bat eskatzen dute; existitzen ez bazen ere, norberarentzat oso erreala izan zen alabaren (edo semearen) galera sentitzen da.

Garrantzitsua izango da min hori eta dolu hori geure buruari aitortzea eta kudeatzeko gaitasuna izatea, bereziki gure seme edo alabaren gain bizkarreratu gabe. Seguruenik lekuak beharko ditugu min eta ulertuezin hori bizitzeko, asaskatzeko, hustutzeko eta lantzeko. Modu horretan, gure seme-alabak lagundu ahal izango ditugu.

Batzuetan sendiak dolu prozesuak bizi ohi ditugu: tristezia egoerak biziko ditugu, non, adibidez esango dugun “nire alaba galdu dut” edo “nire semea galdu dut”; benetan egoera horren esanahia beste hau da: galtzen ari naizela nik pentsatzen nuena bera zela.

Inork ez du mutil edo neska transexual baten aita edo ama izateko bokaziorik; beraz, zailak izaten dira lehen urratsak eta norberaren burua egoera honetan antzematea. Guraso hauek -zoriz eta ezagutzen den alborapenik gabe aukeratuak-, erritmo desberdinean eta ezaugarri partikularrekin, konturatzen dira haur transexual baten guraso direla, haurrak txikiak direnetik adierazten dituzten zantzuen ondorioz. Denbora batez ukatu egiten dute eta izan duten zorteaz arnegatzen dute. Ia beti gertatzen denari aurre egiten diote eta ezkutatu egiten dute; pasako den haur kontua besterik ez dela pentsatzen dute. Poliki-poliki, gaia lantzen dute: informazioa jaso, onartu, kudeatu etab.; batzuk antolatu egiten dira elkarri babesa eman eta aldaketak eragiteko. Dena oso zaila da zerotik abiatzen direlako eta ia guztia aurka dutelako eta, gainera, ia guztiek errua botatzen dietelako (egiten dutenagatik edo egiten ez dutenagatik). Ardura handiarekin, erresilentzia miresgarriarekin eta, gainera, balentria isilarekin, ahal dutena eta ahal duten bezala egiten dute.

Zailtasunen gainetik, izugarria da denbora gutxian eta hain bitarteko gutxirekin lortzen ari direna. Nire aldetik, asko pozten nau guzti honen zuzeneko testigu izateak eta harrotu egiten nau helburu unibertsal bat lortzen laguntzeak: mutil eta neska hauek gizon eta emakume normalak eta arruntak bihurtzea, beraien buruarekin ondo sentituko direnak eta munduan leku duina izango dutenak.

Joserra Landa