Skip to main content

Zain egotearen zentzurik eza

Oraindik badaude sasi-adituak zain egotea komeni dela planteatzen dutenak eta badaude familiak baieztapen honi gogor heltzen diotenak errealitatea onartu behar ez izateko. Haur hauek adierazten dutan onartzeak sortzen duen beldurraren aurrean, itxaronaldian ezkutatzen dira

Baina, zerren zai egon?

Ilea mozteko edo luze uzteko eskatzen badit edo gona edo galtzak jantzi nahi baditu edo neska bezala edo mutil bezala deitzea eskatzen badit etab., eta gainera guzti honek ezinegona eta sufrimendua sortzen badio, zergatik egon zain? Eta, zerren zain egon?

Badago kontu bat oso argi izan behar dena: ez egitea, zerbait egitea da; zain egotea egitea da. Eta ez egiteak mina ematen duenean, zain egoteak mina ematen duenean, geure buruari galdetu beharko genioke zer nahi dugun sufritzen ari den haur honentzat. Zain egoteak edo atzeratzeak oztopoak jartzea eta galaraztea adierazi dezake.

Zain egoeraren ideia eta adinez txikiegiak direla adierazteak errealitate honen erabateko ezjakintasunarekin dute lotura. Gainera, baieztapen hauetan oinarritzen dira: “7 urte arte sexu-identitatea ez da egonkorra”, edo “nerabezaroan atzera egiten dute haur hauetako gehienek”. Baieztapen hauei dagoeneko kendu diete mozorroa.

“Nire alaba nagusiak bulba du eta alaba txikiak zakila. Zenbat aldiz galdetu ote zidaten ea nere alaba txikia txikiegia ez ote zen? Nire erantzuna hau izaten zen: ‘Txikia zertarako?’ Erantzutzen zidaten txikiegia zela neska zela hain argi izateko. Zergatik sekula ez zidaten galdetu alaba nagusiagatik, ea txikiegia zen neska zela jakiteko?”

Arrazoi bat bera ere ez dago adierazitako sexu-identitatearen onarpena minutu bat bera ere atzeratzeko.

Zain egoteari uztea erabakitzen denean eta beraien beharrei laguntzeko erabakiak hartzen hasten direnean, nahiz eta erabaki xumeak izan, neska-mutil hauentzat urrats txiki bakoitza handia izango da; ezinegonetik ongizaterako urrats handi bat.

“Sei urterekin oraindik neska zela pentsatzen genuenean, soinekoa jantzi nahi ez zuelako liskarrean genbiltzala, esan nion: ‘Aurrerantzean galtzak bakarrik erosiko dizkizut eta ilea mutilei bezala moztuko dizut.’ Aurpegia goiargitu zitzaion eta esan zidan: Ama , hori egin al daiteke?’ ”