Erotika ukatzen duen testuinguru soziala
Beraien sexu-identitatearen aitorpenean asko aurreratu badugu ere, transexualitate egoeran dauden gizon eta emakumeei gizarteak ukatu egin die beraien dimentsio erotikoa. Beraien bizitzan esparru erotikoa tabua balitz bezala ukatua gelditu da. Desiatzea edo desiatua izateko aukera, bikotekide-harremana eratzeko, norberaren genitalekin eta genitaletaz gozatzeko aukera (genitalekiko gatazka bereganatu dute besterik ezean eta ebakuntzen bidez bakarrik konpondu daitekeela uste izan dute) etab. eremu imaginagarrietatik at, eremu posibleetatik at mantendu izan du gizarteak.
Transexualitate egoeran zegoen norbaitengatik erakarria sentitu direnek, berairen desioaren orientazioa eztabaidatua eta zalantzan jarria ikusi dute. Batez ere, emakume transexualekin harreman erotikoa izan dutenak askotan ezkutatu egin dute harremana eta lotsatu ere egin dira, gizarteak beraien maskulinitatea zalantzan jartzen duelako.
Bizi garen gizateak, patroi zehatza ezartzen du amoranteen harteko topaketetarako, koitoa balitz bezala eredu baliagarri bakarra, horrek zakilaren sartzea eta baginaren sargarritasuna besterik kontuan hartzen ez dituelarik. Gizarte bat non praktika aktiboak “gizonenak” eta praktika pasiboak edo harkorrak “emakumeenak” diren. Eta, gainera, hainbat praktika desioaren orientazio batzuekin lotzen diren (adibidez, uzkiko sartzea gizonezkoen homosexualitatearekin lotuz).