Skip to main content

Haur transexualitateari lotutako imanginarioan aldaketa

Aldaketa garai honetan, haur transexualitatea pentsatzeko aukera dago, ikusgai da eta horren inguruko adierazpenak adierazgarritasuna hartuz doaz.

Honako bi ilustrazio hauek horren erakusgarri dira

Ikus dezakegu nola ari diren aldatzen horretarako erabiltzen diren irudiak, haurren transexualitateari lotutako imaginarioan paradigma aldaketa bat sortuz.

A ilustrazioa, haurren transexualitateari loturiko albiste, ikastaro edota artikuluetan oso erabilia izan zen sare sozialetan duela urte pare bat arte.

Irudi gris bat, bazter ilun bat irudikatzen duena: gauzak bestelakoak izatearen desioa adierazten duena; bakardadea, ulertu ezina, bazterkeria transmititzen duena… Zirenak izateko ezintasuna zuten ume horien historia irudikatzen zuen irudia. Malkoz beteta, bazter batean, eurak izateko aukera ametsetan baino gauzatu ezin zuten umeen historia, gizarteak inposaturiko mozorroan kateatuta jarraitu behar zuten bitartean.

Ilustrazioa:
egile ezezaguna

B iluztrazioa, 2017ko urtarrilean Chrysallis Euskal Herria elkartearen “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” kanpainan erabilitakoa da.

Bilboko metroko kartel handietan zein Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilboko markesinetako irudietan ikusgai egoteaz gain, mundu osoan zehar ere zabaldu zen sare sozial eta internet berari esker. Irudi argitsu bat biluzik dauden lau mutiko eta lau neskato dituena, naturan zehar eta egun argitan korrika ari dira, eskutik helduta eta irribarrea ahoan. Berresteko galdetu egin behar geniekeen arren, bulba duen neskatoa ikusten dugu, bulba duen mutikoa, zakila duen neskatoa eta zakila duen mutikoa. Irribarrea ahoan eta eskutik helduta.

Ilustrazioa:
ChrysallisEH-ren kanpaina (2017) / Ilustrazioa: Kepa Orbe

Garai berri batean gaude

Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” kanpainaren irudia gaur egun bizi dugun garaiaren erakusgarri da. Euren sexu-identitatea errespetatua eta onartua duten haur transexualen lehenego belaunaldia ezagutzen ari gara. Beste haurek egiten duten berdina egiteko aukera dutenak: korrika eta jauzi egin, jolastu, irribarre egin, ikasi… Direnak izan daitezkeen neska eta mutilak. Euren buruaz lotsatzen ez diren umeak, ezkutatzen ez direnak. Diren bezalakoak ageri direnak. Euren lagunekin batera haziz doazenak.

Horrek ez du esan nahi transexualitate egoeran bizi diren ume guztiak zoriontsu eta euren identitatea onartuta bizi direnik, inondik inora. Oraindik ere suposa dezakegu askoren kasuan ez dutela aukera izan gurasoek ulertuak eta onartuak izateko, eta beraz, bada egoeraren ukazioan eta sufrituz biziko denik.

Egia esan, bi irudi horiek iragana eta geroa marrazten dute, nondik gatozen eta nora goazen, zorionez bizi dugun paradigma aldaketa erakutsiz: adierazitako sexu identitatearen ukaziotik onarpenera eta laguntasunera; esklusiotik inklusiora; sufrimendutik ongizatera; tristuratik alaitasunera…

Garai berri batean gaude. Orain arte bizi izan gabeko errealitate baten aurrean: neska-mutil hauek euren sexua aurresuposaturikoa ez dela adierazten dute eta aditu egiten zaie, euren sexu identitatea onartu egiten da eta lagundu egiten zaie errespetuz eta maitasunez.

Errealitate berri bat da eta umiltasunez onartu behar genuke duela oso gutxi arte ia ezer ez genekiela umeen transexualitateari buruz, eta orain zertxobait ezagutzen hasi garela, dakiguna oraindik gutxi bada ere. Batik bat, asko dugu ikasteko. Eta ezagutza funtsezkoa izango da, izan ere, transexualitatearen ukazioaren kausa nagusia ez ezagutzetik datorrelako.