Skip to main content

Zer behar dugu gurasook

Transexualitate egoeran dauden gure seme-alabak ulertu eta laguntzeko gurasook behar duguna da: ezagutza, babesa eta beste familiekin elkarbanatzea.

Ezagutza eta informazio beharra

Gure seme-alabek adierazi nahi digutena ulertu ahal izateko, are gehiago, entzun ahal izateko, ezagutza ezinbestekoa da.

Nire ideien artean ez badago aukerarik norbaitek zakila eduki eta neska izatea, ia ezinezkoa izango da adierazten didana entzun ahal izatea: mutila dela uste dudanak neska dela esatea, hain zuzen.

Horregatik da hain garrantzitsua transexualitateari buruzko oinarrizko informazioa zabaltzea, edozein etxetan haur batek behar duenerako, gurasoek entzuna izatea gai honen inguruko informazioa eta, ondorioz, seme edo alabak dioena entzuteko gaitasuna izatea.

 

Gertatzen ari dena ulertzeko gogoaren bidean, gurasoek informazio-bilatzeari ekingo diote, etxean ikusten ari denarekin sentitzen duten nahasmenari argitasuna bilatu nahirik. Azken urteotan bide hori asko aldatu da. Lehen, haurren transexualitatearen inguruko informaziorik ez zegoen eta, orain, aldiz, errealitate hau komunikabideetan azaltzen da eta gero eta informazio gehiago dago, asko interneten bidez. Noski, garrantzitsua izango da benetako informazioa eta hala ez dena bereizten jakitea eta, bereziki, zein den laguntzeko balio duen informazioa eta zein oztopatzeko.

Lagunduak izatearen beharra

Beraien seme-alabak laguntzeko, familiek beraiek ere laguntza behar dute. Horregatik, funtsezkoa izango da familiei laguntza, informazioa, emozioetan babesa, laguntza sexologiko eta psikologikoa etab. ematen dietenak egotea.

Laguntza hori profesionaletan bilatzen denean (pediatra, psikologo etab.), kasu askotan ez da behar den laguntza jasotzen, gaur egun eremu desberdinetako profesional gehienek, bere lan-eremuan oso onak izanagatik ere, transexualitateari buruz ezer gutxi dakitelako, eta ez gogo faltagatik. Hain zuzen, egin behar den lan garratzitsuenetako bat profesional desberdinak haur-transexualitatean trebatzea eta espezializatzea da, erreferentziazkoak bihurtu daitezen eta egoera hauei arreta eman ahal izateko. Gainera, onarrizko informazioa modu orokorrean zabaltzea beharrezkoa da, gainerako profesionalek ere oinarrizko ulermena eta bitartekoak izan ditzaten, errealitate hau ezagutzen duen profesional batengana bideratzeko eskuartera iristen zaizkien familiak

Une honetan, transexulitate egoerak laguntzeko dauden profesional gutxi batzuk kenduta, laguntza eta babesa batez ere familien elkarteek egiten dute. Borondatez egiten den laguntza-lana da hau, norberaren etxean edo ezagutzen dituzten beste familien etxeetan bizitakoak eman dien ezagutza, egin dituzten ikastaroak, irakurri duten materiala etab. dira haur-transexualitatean aditu izatearen zergatia.

Zentzuzkoena litzateke (eta laster hala izatea nahi dugu) lan hau profesional prestatuek egitea, sexologian trebatuta dauden adituak eta, gainera, administrazio publikoek eskeinia izatea. Hala izan arte, guraso asko prest egongo dira laguntza hau borondatez eskaintzeko, bai baitakite zein garrantzitsua den laguntza ona izatea; beraiek bizi izan dute laguntza behar hori bera.

Aholkua eskatzea

Familia bat galdezka hasten denean, askotan beraien ustea okerra dela esan dion norbaiten bila dabil. Eskatuz, erregutuz, modu esplizito argian edo ez, uste dutena ez dela egia, badagoela aukera hala ez dadin izan …

Beste kasu batzuetan, diagnostiko baten bila dabiltza: aditu batek ziurtatu diezaiela beraien seme edo ala hau edo hori dela. Ez dute ulertzen inork ezin duela sexu-identitatea diagnostikatu. Neska edo mutilak adierazi diguna entzun ondoren, bere identitatearekin egin dezakegun bakarra onartu eta laguntzea dela, edo ukatzea.

Batzuetan familiek kontatu izan dute, adibidez, beraien semeak neska dela adierazten duela eta semeak Miren izena eduki nahi duela eta semeari printzesetara jolastea gustatzen zaiola eta semeak ez duela ilea mozterik nahi … eta adierazten dute semeak oso garbi dioela ez dela mutila, neska baizik. Eta halere “semeaz” dihardute. Une horretan, nahiz eta identitatea guztiz argi adierazi, gurasoei ez zaie buruan sartzen beraien “semea”, seme ez izatearen aukera.

Hain errelatu argiaren aurrean, aholkua eskatu zaion pertsonak, esandakoaren ispilu izanik, familiak ireki nahi ez duen atea irekitzen lagundu dezake: “Hain argi badio neska dela, agian hala izango da, ezta?”, “Neska dela badio, agian ez da zure semea, alaba baizik, ez?”.  Eta une hau izaten da, ondoren, familiek ulermenerako funtsezkoenetakoa bezala gogoratuko dutena.

“Telefonoaren bestaldean zegoen pertsonari azken urteetan bizitakoa kontatu nion. Esa esan nion ez nekiela nire txikia mutila edo neska zen. Erantzun zidan: ‘Ah, zazpi urte dauzka eta ez dakizue neska edo mutila den?’ Ez zidan besterik esan. Ez zegoen beharrik. Orduantxe erori zitzaizkidan eraiki nituen begietako bendak. Aspalditik nekien, baina ez nuen ikusi nahi, ez nintzen ausartzen ikustera, beldur handia ematen zidan-eta…”

Trantsitua giza-sarean egin: familien elkarteak

Prozesu hauetan familien elkarteak funtsezkoak dira. Beste familiekin elkarbanatzeak babesa eskaintzen die familia hasiberriei, barrua hustutzeko leku bat, informazioa lortzeko gunea.

Transitu hauek korapilatsuak eta oso gogorrak izaten dira askotan familientzat eta “gertatzen zaidana ez zait niri bakarrik pasatzen” jakiteak asko arindu dezake errealitate berriaren bizipena. Antzeko egoera bizi duten edo bizi izan duten pertsonekin bidea egiteak, lagunartean egiten ari direla sentitzea, elkarbanatzeko aukera izatea, barrua hustutzeko, negar egiteko, barre egiteko etab. dakar. “Ni pasatzen ari naizen berdina pasa duten” pertsonak, “ulertzen nauten” pertsonak ezagutzea oso laguntza handia da. Aspaldi prozesu berdina hasi eta orain lasai, irribartsu eta bizitza bizitzen dauden familiak ikusteak etorkizunerako itxaropena ematen du, iluntasuna, beldurra eta tristura bizitzen ari diren familientzat.

Zalantzarik gabe ere, haur eta gazteentzat beste neska zakildunak eta mutil bulbadunak  (“ni bezalako” besteak) ezagutzea opari izugarria izango da

“Gure egoera berdinean zeuden familien WhatsApp talde batean sartzeko aukera eman ziguten. Hurrengo goizean, lanera joateko makilatzen ari nintzen, mugikorra alboan nuela. Mezu bat iritsi zitzaian WhatsApp talde horretatik. Ongi etorria emateko zen mezua irakurri nuen eta besterik gabe utzi nuen telefonoa. Bapatean, ordea, mezu asko iristen hasi ziren Euskal Herri osotik, ongi etorria emanez eta beraien argazkiak bidaliz. Beraien seme-alabak ikusi zitezkeen farrez, jolasean, libre eta zoriontsu. Nire semearen adineko haurrak, baita nagusiagoak eta txikiagoak ere, beraien familiekin eta lagunekin. Historia hau hasi zenetik lehen aldiz hasi nintzen negarrez, negar egin nuen sentitu nuelako ez geundela bakarrik; negar egin nuen nire beldurrak ez direlako bakarrak munduak, eta negar egin nuen nire semea ere zoriontsu izango zelako beste neska-mutil horiek bezala.”