Skip to main content
Asociación

2023 Naizenen urteurrena

By 13 February, 2023No Comments

Naizen elkarteak bere 8 urteurrena ospatu du Donostiko Miramongo teknologia-parkean, urtarrilaren 28an, larunbatean.

Ekitaldira 300 pertsona inguru bertaratu ziren, gehienak Naizen familiakoak ziren, nahiz eta erakundeetako ordezkariak ere bertaratu ziren. Tartean zeuden honako hauek: Bakartxo Tejería (Eusko Legebiltzarreko presidentea), Mikel Sánchez Fernández (Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuordetzako Antolamendu, Ebaluazio eta Plangintza Sanitarioko zuzendaria), Nerea Kortajarena (legebiltzarkidea, EH Bildu), Ikoitz Arrese (EH Bilduko legebiltzarkidea), Maitane Ipiñazar (legebiltzarkidea, EAJ), Maite Peña (Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatua), Jon Gambra (Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kulturako zuzendari nagusia), Nekane Arzallus (Donostiako Udaleko zinegotzia eta alkateordea, EAJ-PNV), Jon Insausti (Donostiako zinegotzia, EAJ-PNV), Ane Oyarbide (Donostiako zinegotzia, PSE-EE) eta Aitzole Araneta (Donostiako zinegotzia, Elkarrekin).

Maddalen Arzallus eta German Urteaga bertsolariek ekitaldiari hasiera eman zioten bertsoz. 

Ondoren, Eder Iturraldek eta Yogurinha Borovak Naizenen kamiseta berria aurkeztu zuten. Horretarako, hilabete batzuk lehenago elkarteak Eman Begi! lemapean lehiaketa bat jarri zuen abian. Enara Conde diseinuaren irabazleari saria bertan eman zitzaion, diseinu guztiak aurkeztu ostean. Conde diseinatzaileak ilargiaren faseak islatu zituen, Naizen -en koloreak dituen begi baten forma emanez, fase horiek begirada aldatzean sinbolizatzea zen bere erronka.

Leloaren sortzailea Ekaitz Goikoetxea izan da: ‘Begi eman’ esamoldeak euskaraz begiratu, erreparatu, begiratu eta kontuan hartu ere esan nahi du. Hitzez hitz hartuta, begiak ematea esan nahi du, eta lerroartean doa agian, norbaiti eman diezaiokezun gauzarik ederrena: zure begiak, zure begirada. Batzuetan, gainera, ikusi behar dena ikusi ahal izateko, gure begiei buelta eman behar diegu, gure begirada aldatu, horrela, azkenean, ikusi ahal izateko. Begira nazazu, kontuan izan, emadazu zure begirada.

Segidan, Kepa Errasti eta Aitziber Garmendiak Naizen Elkarteak Berde Produkzioak ekoiztetxearekin elkarlanean sortutako material didaktikoaren aurkezpena egin zuten. 5 bideo plazaratu dituzte, 5 minutuko bideo-pilula formatuan. Bideo horietan, Umorea, bizitzako egoera errealetara ekarrita, sexu-identitearen eta aniztasunaren inguruko gai ezberdinak lantzea du xede egunerokotasunean aukitzen diren egoerak abiapuntutzat hartuta. Bideo horiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako materiala egiteko eskaerari erantzuten diote, eta, bertan, ikusleari aniztasunari buruzko gogoeta eragin nahi zaio eta sexu-aniztasunari buruzko oinarrizko ezagutza batzuk transmititu. Bertaratu zirenek lehenengo kapitulua ikusteko aukera izan zuten, “Ezaugarrri sexuatuak”.

Asier Lavadok, elkarteko lagunak, gitarrarekin Zoe abestia kantatu zuen. Lavadok berak sortutako kantua da, izen bereko elkartekide den neskatila bat abiapuntutzat hartuta konposatu zuena.

Aingeru Mayorrek hartu zuen hitza segidan, Naizen elkarteko ordezkari gisa. Honako mezu hau ematea zen xedea: Elkarteko familiek azkenaldian adierazi duten kezkari argia emanez, urte hauetan zehar, Naizen elkarteko familia askok arduraz bizi izan dugu gure seme-alaben errealitatea ukatzen duten mezu eta diskurtsoen agerpena. Estatuko trans legeari buruzko eztabaidaren ondorioz, zenbat zarata entzun eta irakurri zaien ustezko adituei (gure errealitatea erabat ezagutzen ez dutenei), sasi-feministei, fatxei, postin-progrei… Horiek egunkarietako eta irrati- eta telebista-programetako orriak informazio faltsuz betzen dituzte, eta sare sozial deitzen dituzten horietan teklei su eman beharrean ibiltzen dira, nondik hartu ere ez dauden argudioekin. Zarata handia ateratzen dute gezur, uste faltsu eta gorroto mezuekin.

Gu ez gaitu ordea ezerk kikiltzen, eta jakin badakigu urrutiko intxaurren zaratak hamalau badirudite ere gertutik lau besterik ez direla.

Baina adi! Izan ere, gezur, bulo eta gorroto-mezu guzti horiek erasoen, sufrimenduen eta oinarrizko giza eskubideen urraketak eragiten dituzten jarreren haztegi dira; eta diskurtso horien larritasunez eta horiei aurre egiteko beharrez oso kontziente izanik, bada zerbait esan nahi dudana. Eta irribarre batekin eta bihotza pozez gainezka, gainera: Inoiz ez (duela gutxiko historian behintzat), haur eta gazte transexualek eta haien familiek inoiz ez zuten egungoa baino egoera sozial hobea bizi izan. Inoiz ere ez.

Era berean, elkarteak urte hauetan lortu dituen lorpenen (material didaktikoak, prestakuntzak, lege-aurrerapenak, jarduera-protokoloetan parte hartzea) eta egiteke dauden erronken errepasoa egin zuen.

Jarraian, Elaxar eta Ana, Ekai zenaren gurasoei omenaldia egin zitzaien, Imanol Carballo elkartekideak Txoriak Txori abestia eskaini zien.

2022ko bertsolari Txapelketaren finaleanAmets Arzallusek buruz-buruko unerik hunkigarrienetako batean, gure elkarteko errealitatea eman zuen argitara, seme transexual baten aitaren paperetik kantatu baitzuen. Hari horri tiraka, ekitaldian zehar, Amets Arzallusek eskainitako bertso sorta bat proiektatu zen.

Jarraian, Bizipoza taldearen Ikus dezadan «Bizipoza» abestia eta bideklipa ere proiektatu ziren. Abestiaren letra Ekaitz Goikoetxeak idatzi du, Xabier Zabalak musikatu, eta ETSko Iñigo Etxezarretak eta Kai Nakaik abestu dute. Bideoklipean Naizen taldeko gazteak agertzen dira, eta martxoaren hasieran egingo da ikusleriarentzat publiko.

Azkenik, familia argazki atera genuen Naizen-en urteurrenaren ospakizunera harro joan ziren familia eta bertaratu guztiekin.

Ekitaldiaren ondoren, familiek bazkari batekin ospatu zuten eguna, Pontx Pailazoak, Yogurinha Borovaren ikuskizunak eta Kai Etxanizen emanaldiek amaiera bikaina eman zioten egunari.