Skip to main content
AsociaciónNota

Naizen elkartetik zorionak Sofia Oterori eta “20.000 especies de abejas” filmeko lantalde osoari

By 26 February, 2023January 3rd, 2024No Comments

🐝 Naizen elkartetik, begiak malkotan eta bihotzak irribarrez, geure Sofia Otero maitia zoriondu nahi dugu “20.000 especies de abejas” pelikulan egindako interpretazioagatik Berlinaleko Zilarrezko Hartzarekin saritua izan dela.

🐝 Eskerrak eman nahi dizkiegu Esti Urresolari eta filmeko lantalde osoari, gure seme-alaben eta gure familien errealitatea pantaila handira hain zintzoki eta hainbesteko maitasunez eramateagatik.

🐝 Film zoragarri honek haurren transexualitatera hurbiltzeko aukera emango du, ez aurreiritzi, diskurtso edo ideietatik, baizik eta bertatik, ikusia izateko beharra duen neskato horren bizipenetik, familia horrek gertatzen ari dena ulertzeko, onartzeko eta laguntzeko bizi dituen zailtasunetatik. Pelikula honek ikuslearen bihotza ukituko du, gai unibertsalei buruz hitz egiten baitu: onarpen-beharra, beldurrak, zaurgarritasuna, entzutearen garrantzia, konplizitatea, maitasuna… baldintzarik gabeko maitasuna. Istorio unibertsala, aniztasunari kantu bat.

🐝 Oso pozik gaude Estiren bidelagun izan garelako pelikula hau amestu zuen unetik bertatik: elkartean lantzen joan garen ezagutza partekatuz; “Tránsitos” liburua argitaratu aurretik bertako kontakizunak bere eskuetan jarriz; hogei bat familiaren etxeetako ateak eta bihotzak irekiz, bere istorioak eta bere bizitzak nolakoak izan diren, haur eta baita guraso horiek ere nolakoak diren entzun, ikusi eta arnastu ahal izateko, baita besarkatzeko ere; asteburuko familien topaketetan gure familia guztiekin bizitzera gonbidatuz; gidoiaren zirriborroei buruzko gure iritziak partekatuz; casting-lanak aholkatuz eta erraztuz…

🐝 Oso pozik Estik, maitasun, errespetu eta jakin-min jarrera batetik, eta bere sentiberatasun eta zinematografia-lan bikainarekin, jasotako guztairekin egin zitekeen pelikularik onena sortu duelako, gure familien istorioen zatiz egindako istorioa kontatzen duen filma sortuz; fikziozko istorio bat, Naizen elkarteko edozein familiaren benetako historia izan zitekeena egiazkotasun magistralez islatzen duena.

🐝 Eskerrik asko Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano eta gainerako aktoreei, gure familietan bizi garen pertsonak hain zintzoki gorpuzteagatik.

🐝 Eskerrik asko eta zorionak, bereziki, gure Sofia Otero maiteari, bere irribarreagatik, bere argiagatik, bere interpretazio zoragarriagatik eta, batez ere, gure seme-alabek diren bezalakoak izateko duten beharra hain modu errealean irudikatzeagatik.

Mila mila esker, Sofia, izateagatik!!!!

Naizen

Adingabe transexualen familien Elkartea