Onar dezagun: iritsiko da unea non esan egin beharko dugun

Aitzole Araneta

Chico transexual

Irudia: The gender spectrum collection

Jatorriko albistea Vice-n

Transexualitate egoeran dauden pertsonekiko erakarpena ez da landu sakontasunean, gehiengoarentzat ez da esistitu ere egiten pertsona hauen erotika. Itsusia eta higuingarria den zerbait bezala irudikatu gaituzte beti eta sozialki onartu izan da garen bezala onartuak izandakoan gatazka desagertuko dela, arazoak bukatuko direla. Daukagun gatazkarik handiena desagertu da.

Gero eta gehiago hitz egiten da trans munduari buruz: trans haurtzaro eta nerabezaroei buruz, bulba duten gizonak eta zakila duten emakumeei buruz, edo pertsona askok pasa behar duten mediku eta lege prozesuei buruz. Azken urteotako gertaera zehatzen ondorioz, trans gaia bazterrean egotetik pertsona askoren solasaldietako gai izatera pasa da.

Transexualitate egoeran dauden adin txikiko eta hauen familien gaur egungo agerikotasunak orain arteko egoera iraultzea ekarri du: transexualitatea heldutasunarekin lotuta baino ez zen agertzen eta, gainera, mediku-prozesu anitzekin eta honelako kontakizunei lotuta: “gorputz okerrak” edo “arima maskulinoak/femeninoak beraienak ez diren gorputzetan sartutakoak”. Agerikotasun honek bestelako testuinguruak sortu ditu non trans egoera gero eta adin txikiagoan onartzen den eta hainbat mito baztertu diren, hala nola kapritxo edo bizi-estiloari lotuak. Gero eta pertsona gehiago aurkitu daitezke bere karaktere sexualak barneratuta dituztenak ( sexu-organoak barne) bere bizitzan eta gorputza hormonen edo kirurgien bidez aldatzeko beharrik ez dutenak.

Eragin atzerakoiak medio (ahaztezina den autobus laranja hura, non zakila duen neskarik eta bulba duen mutilik ez dagolea ziona), nerabeak eta gazteak egoera ilunekin topatzen ari dira lehen aldiz.
Dena den eta harira bueltatuz, irrika erotikoak, izan bikotean edo pertsonen arteko harremanetan, ia ez dira landu. Hortaz hitz egitea falta da eta erreferentziarik ez dago gaiaz hitz egin ahal izateko.

1. eszena: Barruan, gaua

— Mutila: Kaixo, zelan? Sarri etortzen zara taberna honetara?

— Neska: Bai, begira… Noizbehinka etorri naiz… Lagunekin…

— Mutila: Egia esan, ikusi zaitut eta ez hurbiltzea eta zerbait galdetzea ezinezkoa izan da…Zurekin hitz egin nahiko nuke (gorritu egin da). Zu eta biok bakarrik hitz egitea gustatuko litzaidake, horra joango al gara hitz egitera?

-Neska: Ehhh… Bueno… EZ… (Ihes egiten du).

Hau bezalako istorioak ohikoak dira transexualitate egoeran bizi diren gazteak kontatzen dizkidaten bizipenetan. Horregatik, ez da arraroa ikustea nola gazte askok ihes egiten duten goian aipatutako eszena korapilatsuetatik, eta aurrera egiten dutenean baina ligatzeko saiakerak porrot egiten duenean, beraien autoestimuan eragin kaltegarri handia izaten dute.

Tailerretan gai hau lantzen dugunean gazte askok galdetzen didate: zuk nola esaten duzu trans zarela? Onar dezagun: iritsiko da une bat non esan egin beharko dugun. Ohiko arauari lotugabeko genitalak izateak (eta, beraz, ezustekoak) eta guregan interes erotikoa duenarekin gaudenean (eta, ondorioz, gure genitaletan interesa duenarekin), aldez aurretik argibiderik behar ez bada ere, momentu horretan argibideak eman beharko ditugu.

“Transexualitate egoeran dauden pertsonekiko erakarpena ez da sakontasunez landu. Gehiengoaren irudimenean pertsona hauen erotika ez da existitzen.”

Bestearen harridura ere kudeatu beharko dugu eta, seguruenik, mitoetan oinarritutako galdera erantzutea ere egokituko zaigu: “Orduan… Zer zara?”, edo “Ah… Eta noiz operatuko zara?”, edo betiko “Baina orduan… Prostituzioan aritzen zara? Zenbat kobratzen duzu?”. Garrantzitsua da argi edukitzea galdera hauetako asko ez direla interes maltzurrekin egiten, ezjakintasunetik baizik; eta baita gizarte bezala orokorrean arrastaka daramagun sexu-heziketaren gabeziarengatik ere.

Izan daiteke ere pertsona transexualengan interesa erakutsi zuen mutilak edo neskak berak eztabaidatzea bere sexu-orientazioa. Azken finean, premisa hautsi egiten da: mutilak gustatzen bazaizkigu zakilak gustatzen zaizkigulako da eta baita neska=bulba, mutila=zakila korrelazioa ere (nahiz eta ia beti estalita egon genitalak, gustatzen zaigun jendearenak barne).

Passing hitza erabiltzen da gaur egun neskak bulba duten neska bezala eta mutilak zakila duten mutil bezala ikusten direla adierazteko (hots, oker deitutakoak “neska/mutilak biologikoak” edo, oraintsuago, cis neska eta mutilak) eta oraindik ere funtsezkoa da ligatzeko orduan.

Transexualitate egoeran daudenen helburua passing hori dela esan daiteke, baina errealitate hau korapilatsua da zeren eta edertasun arauemailearen tiraniara, estandarrera, erakartzen baigaitu, baita plano erotikoan arrakasta izateko jomuga ere. Eta, gainera, onartuta gelditzen da passing-a ez duten pertsonak sedukziotik kanpo geratzen direla eta, bide batez, “passing-a” ez daukan norbaitengatik erakarpena sentitzen duenak gizartearen zigorra jasotzen du.

1. aukera: ditxosozko berbatxoaren azalpena

Gako-hitza: TRANS. Trans naiz. Zuzen, motza eta laburra. Hizkuntza-ekonomia, esan ohi den bezala. Jende guztiak daki zer den trans izatea…Ala ez?

Ez ba. Jende guztiak ez daki zer den hori. Eta gogaikarriena da ez dela zerbait “izatea”, egoera bati dagokio. Denborarekin desagertu beharko lukeen joera da hau.

“Gai garenean ulertzeko gizona=zakila eta emakumea=bulba binomioek pertsona asko kanpo uzten dutela, prest egongo gara hitz horiek demokratizatu eta ulertzeko inor ez dela oinarrian trans.”

Hain zuzen, gure sexu-identitateei buruz gehiago ulertu ahala, onartuko dugu ditugun genitalak izanez, gizona, emakumea edo edozein sexu-identitate izan ahal dugula. Gai garenean ulertzeko gizona=zakila eta emakumea=bulba binomioek pertsona asko kanpo uzten dutela, prest egongo gara hitz horiek demokratizatu eta ulertzeko inor dela oinarrian trans, egoerari lotutako adjetiboa besterik ez dela. Azken finean, ez da beharrezkoa izango trans hitza erabiltzea, iruditeri kolektiboan halako egoera onartuta egongo baita.

Baina horretarako belaunaldi batzuk pasa behar dira, eta pedagogia asko erabili beharko da. Bitartean, hitz hori erabiltzen den bakoitzena pedagogia egin behar izango da, zer den trans izatea eta gure kasuan zer esan nahi duen behin eta berriro azaldu beharko dugu.

2. aukera: zakilez eta aluez hitz egin dezagun, baina batez ere zakil horiek eta alu horiek dituzten pertsonaz

“Mutila naiz eta bulba dut”. Horrela magia desagertu da: limurtzeko, seduzitzeko, aurkitzeko, liluratzeko magia desagertu da. Gaizki-ulertzeak desagertzen dira eta horrekin batera misterioa, fantasia, sedukzioan barneratzea.

Beharbada aukerarik ziurrena da, sexu-heziketa klasea laburragoa izango da, baina bapateko sustoa edo ihesaldirako arriskua dakar, Looney Tunes marrazki bizidunetako Hankarina edo Correcaminos baino biziagoa, agian.

3. aukera: onar dezagun, onenetan onenarekin geldituko gara

Aukerak aukera, kalte-kontrola aktibatu beharko dugu besteek kontatu beharrik ez duten hori kontatzeko. Lehenengo edo bigarren hautuari lotuta jokatu erabakitzen dugun bitartean, jasoko dugun erreakzioa aurreikustea garrantzitsua izango da. Azkenean, onartu behar dugu aurrekoak ihes egiten badu informazio intimoa eman ondoren edo pedagogia egin ondoren edo gu zalantzan jarri ondoren, merezi ez gintuen pertsona bat aldegiten ari dela argi izan behar dugu.

Jasotako porrota jende egokiagoa aukeratu eta ezagutzeko urrats bat da. Gertatu zaiguna, ondoeza eta haserretik at, aukera berrietarako irekita dagoen atea bihurtu behar ditugu.

“Norbaitek ihes egiten badu informazio intimoa eman ondoren edo pedagogia egin ondoren edo gu zalantzan jarri ondoren, merezi ez gintuen pertsona bat aldegiten ari dela argi izan behar dugu”

Gure burua aurkezteko egin dugun hautua bat edo beste dela ere, bizitzaren beste eremu batzuetan erakutsi dugun erresilientziak lagunduko digu ulertzen gertatutakoaren emaitza ahalik eta zoriontsuena izan behar duela, egoeratik ahalik eta sendoen eta kalte gutxienarekin utziko diguna. Zerbait argi dago eta hau da: lehenago edo beranduago gustatzen zaigun pertsona hori, gu eta gure genitalak onartuko dituena, iritsiko dela.

Sedukzioaren oihana eta ligoteoa biziko dituzuen gazteak eta nerabeak: ez etsi. Inork ez zuen esan hau larrua jotzea eta abestea zenik. Baina ahal dugun neurrian abestu egingo dugu eta, noizbait, larrua jotzea helduko da.