Emakume izaten ikasten dela erakutsi nahi izan zuen esperimentu tragikoa (mutila jaio arren)

1965ean, judutar senar-emazte gazte batek bi biki unibitelino izan zituen, Winnipeg-en jaioak (Manitoba, Kanada). Bruce eta Brian izenak jarri zizkietan. Zazpi hilabetera, gurasoek errabinoarengana eraman zituzten, hebrear zirkunzisio errituala ospatzeko. Dena ondo atera zen Brianekin baina Bruceren txanda heldu zenean, bisturi elektrikoak huts egin zuen prepuzio-operazioa egiten ari zirenean. Horrek erredura larriak eragin zituen Bruceren zakilean eta guztiz kendu behar izan zioten zakila. Hilabete batzuk igaro ondoren, gurasoak Baltimoreko Hopkins ospitalean  hermafroditismo kontuetan aditua zen psikologo espezialistarekin bildu ziren, John Moneyrekin, hain zuzen.

Money “genero” kontzeptuaren sortzailea izan zen; bera izan zen lehenengoa sexu-errealitate bikoitza zegoela adierazi zuena: “jaio aurretik erabakitako sexu biologikoa” eta “jaio ondoren ikasitako genero psikosoziala”. Garai hartako gainerako zientzialarien komunitatean argi zegoen eta berak ere argi zuen “sexu-identitatea” (norberak bere burua gizon edo emakume gisa izatea) desberdintasunean oinarritutako hazkuntzan eta imitazioaren bidez jasotzen zirela. Gainera uste zuen, bi eta lau urte artean mamitzen zela sexu-identitatea. Era berean, uste zuen desiraren sexu-orientazioa (gizonak edo emakumeak desiratzea) modu berean eta aldi berean bereganatzen zela. Simone de Beauvoirek bezala, Moneyk zera uste zuen: “ez da emakume jaiotzen, baizik eta emakume izatera iristen da”. Gainera, Moneyk uste zuen Beauvoiren baieztapenak rolaz gain, sexu-identitatea eta desiraren joera ere jasotzen zituela.  Bruce txikiaren zoritxarreko istripuan, teoriak dagoeneko esaten zuen guztia zientifikoki frogatzeko aukera bikaina ikusi zuen. Horretarako, beste modu batean egin ezin zitekeen giza-esperimentu bat diseinatu zuen.

Bruce txikia genitalki mutilatuta zegoen gizonezkoa zen, baina gainerakoan, erabat normala zen gizonezkoa bat (jaiotze-aurretikako sexu-desberdintze prozesua guztiz maskulinoa garatu zuena) hermafroditismorik edo anbiguotasun genitalik gabe jaio zena. Ustez, haurra behar bezain gaztea zen sexuaren esleipenean aldaketa egiteko  (Moneyren eskuetara iritsi zenean 17 hilabete zituen), oraindik ez baitzuen hazkuntza maskulinizatzailerik jaso; horrela, —hori uste zuen behintzat Moneyk— oraindik ez zen ez gizon ez emakume, ezta ere heterosexuala edo homosexuala. Beste modu batean esanda, kontu hauek aurrerago “ikasi” beharko lituzke.

Zorigaiztoak sortu zituen baldintza egokiak transexualizazio esperimental hau gauzatzeko eta garai hartan guztientzat nabaria zirudiena frogatzeko: sexu-identitatea eta sexu-orientazioa haurtzaroan ikasten dira. Mutilatutako haurrak anaia biki unibitelino bat zuen (bere sexu eta gen bereak zituen klon bat), eta bi haurrak aldi berean, familia eta kultura berean haziko zituzten; salbu eta kontrol esperimentalaren menpe zegoen aldagaiari zegokionez: batak hazkuntza maskulinizatzailea jasoko zuen eta besteak femenizatzailea. Uste zen, horrela, bat gizon zisexuala eta heterosexuala guztiz normala izango zela eta bestea emakume zisexuala eta heterosexuala guztiz normala (hori bai, antzua).

Moneyk gurasoak konbentzitu zituen tratamendu horren egokitasunaren inguruan; izan ere, gurasoei sinistarazi zien emakume normala eta ohiko sexualitate eta gogobetetze izango zituela (gurasoen sinismenekin bat zetorrenez, itxaropena sorrarazi zien).

Gauzak horrela, prestaketa guztiak egin ondoren eta Brucek 21 hilabete zituenean berresleitzeari ekin zitzaion eta horretarako, gonaden kastrazioa, berreraikitze genitala, izen aldaketa eta oinarritutako sozializazio femeninoa bat hasi ziren. Hori dela eta, Brenda izatera pasa zen eta tratamendu luze bati ekin zion, barne hartzen zuena gertatutakoaren gaineko sekretu absolutua eta hezkuntza femenino eta feminizatzaile irmo eta zalantzarik gabekoa.

Urte batzuk geroago, 1972an Ehrhardt-ekin (“Man & Woman, Boy & Girl”) argitaratu zuen liburu batean, Moneyk baieztatzen zuen esperimentuak arrakasta izaten ari zela eta neska (nahiz eta bazituen ezaugarri maskulinoak) normaltasunez garatzen ari zela; halaber, 1975ean argitaratutako artikulu batean tratamenduaren ustezko arrakastaren berri eman zuen. Horren bidez, zientzialarien komunitateak uste izan  zuen, aurretik ere uste zen bezala, esperimentuak frogatzen zuela garun zuri batekin jaiotzen garela eta ondoren, lehen haurtzaroan, imitazio eta hazkuntzaren bidez ikasten ditugula bai sexu nortasuna (emakume edo gizon sentitzea) eta baita desiraren sexu-orientazioa ere (gizonak edo emakumeak desiratzea). Egia esan, Money esperimentalki baieztatzen ari zen zientzia komunitateak lehenik uste zuena, beraz, bere esperimentuaren ondorioek ez zuten inolako eztabaidarik sortu: esperimentalki frogatuta geratzen zen lehendik egiatzat zutena. Baieztapena besterik ez zen.

Hala ere, geroago egiaztatu ahal izan zenez, gertakariak beste batzuk izan ziren. Izan ere, Brendaren haurtzaroa haur transexual baten ohiko ezaugarri biografikoak izan zituen: bere inguruneak ez zuen bere sexualitate berezia onartu, esleitutako sexuarekin ez zegoen ados eta deseroso zegoen besteek earritako sexu-etiketarekin; hazi zuten sexuarekin ez zen inoiz identifikatu; hasieratik, bere gurasoei kontrako identitate-sentimendua transmititu zien; eskolan, irain, iseka eta bazterketa sufritu zituen bere maskulinitateagatik; zenbait jantzi, osagarri, jarduera eta jostailuren erabilera behin eta berriz eta sendotasunez baztertu zuen; uko egin zion zenbait haur-jolasetan, sexualki markatuak zeudenak, parte hartzeari; bere genitalekiko eta sinbolismo femenino guztiarenganako gaitzespen sendoa adierazi zuen (arrosa kolorea, amatasun-rola, isiltasuna, talde txikiak, banakako joko sedentarioak…).

Bere gurasoak (Money berak eta bere taldeak bezala) gertatzen ari zena txikiagotu zuten, baita agerikoa ukatuz ere. Argi ikusten zuten hartan (adibidez: ezaugarri, keinu eta jokabide maskulinoak) uste zuten denborarekin eta etengabeko gizarteratzearekin guztia aldatu egingo zela eta itxaropentsu agertu (beraz, jokabide berdinari ekin zioten behin eta berriz). Areago, erresistentziak subkontzientziak eragiten zituela pentsatuz ere (agian, konturatu gabe, izan zen mutila bezala tratatzen zuten). Agian, besterik gabe, ez zuten lortzen behar bezain ongi egiten eta gainera errudun sentitzen ziren. Edonola ere, bai gurasoek, bai Johns Hopkins Ospitaleko profesionalek, Brendaren sozializazioan beraien ahalegin eta konpromisoa berrestea eta indartzea adostu zuten; bide batez, emakumeen berresleiparekin koherenteak diren eragin sexualeko estrategietan sakonduz; horrela, generoan eragiteko beraien jarrera irmotasunez eta itxuragabeki areagotu zuten; batez ere, feminitatearekin harremana zuen guztia txalotuz eta maskulinotasunarekin lotutako edozein keinu zigortuz.

Oraindik ere erresistentziekin, tratamenduak 13 urtera arte iraun zuen. Une hartan, Brenda ohiko depresio transexualak jasaten hasi zen, eta tratamendu psikiatriko bat hasi zuen. Psikoterapeutaren babesarekin eta oniritziarekin, Moneyren tratamendua utzi zuen eta sekretua argitu zioten. Horrela, 14 urterekin, bere benetako istorioa jakin zuen; eta, kolpe batez, dena ulertu zuen: sinpleki, beti sentitu zen mutila beti mutila izan zelako; eta besteen egozkorkeriagatik, ez zioten mutil izaten utzi. Hortik aurrera trans-transexualizazio prozesu bat hasi zen. Hau da, aurretik itzuli zena irauli behar izan zen. Alde batetik, errazena izanik, izena eta ukatu zitzaion sexu-etiketa berreskuratu zituen.

Geroago, denboran zehar, tratamenduan hasi zen kanpoko hormona maskulinoekin eta genitaletan hainbat ebakuntza kirurgiko egin ziren (neobulba eta neobagina lehengora itzuliz). Eta, batez ere, garrantzitsuena gertatu zen: bizi eta adierazi ahal izan zen barrutik berak sentitzen zuen bezala, mutil bezala; segituan, haur transexual guztiei gertatzen zaien bezala, barruan zituen sufrimendu eta ekaitzak baretu egin ziren, bere oreka psikoemozionala nabarmen hobetuz. Modu hartako, Bruce jaio zena eta Brenda bezala hazi zena, David izateko bilakaera hasi zuen. Une honetatik aurrera hasi zuen protokolizatutako tratamendu hormonala eta kirurgia bateratzen dituen transformazio transexualerakoko prozesu arrunta.

David bezala bizitza ez zen batere erraza izan; John Moneyrekin eta Johns Hopkins Hospitalarekin kontaktu guztia utzi zuenez gero, erabateko anonimatuan bizi izan zen. Bere bigarren trantsitua (emakumetik gizonera) publizitaterik gabe gertatu zen. Denbora luzean inork ez zuen ezer egin akatsa eta nahastea argitzeko. Garai horretan, inork ez zuen jakin hark egia jakin zuenik eta jada inork gertatzea nahi izan ez zuena gertatzen ari zenik: atzera egitea gertatu zela.

Zientzia-komunitatearen ezagutza orokorrerako, esperimentuak arrakasta izaten jarraitzen zuen; beraz, ustezko Brenda arrunki garatzen jarraitzen zuen emakume bezala (nahiz eta antzua izan); emakume sentitzen zen eta gizonak maite zituen. Ezer ez zen izaten ari uste zuten bezala baina guztiek uste zuten beraien ustea betetzen ari zela. Azken finean, fede elkarbanatua bezelakorik ez dago sinismendun guztiek dagoeneko sinisten dutena baieztatzeko.

1997an argitaratu ziren benetako historia azaltzen zuten bi artikulu: Milton Diamond-ek (Sigmundsonekin batera) sinatutako artikulu zientifikoa eta Rolling Stone aldizkarian John Colapintok argitaratutako kazetaritza-artikulu sail bat. Une hartatik aurrera, jada 32 urte zituen Davidek; denek erabat ahaztua eta abandonatua, diru-sarrera oso gutxirekin, erabaki zuen bazela garaia bere bizitza  lekukotasun kritikoa eta salaketa publikorako erabiltzea. Beraz, aurrerantzean etengabeak izan ziren salaketak, auzitegietara joan-etorriak, elkarrizketak, dokumentalak, prentsa, etab. Nahiz eta bere bizitza berregitea lortu zuen
—ezkondu ere egin zen—, azkenean banatu egin zen eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen 39 urte zituenean, buruan tiro eginez.

2000. urtean, oraindik bizirik zegoela, Colapintok liburu bat argitaratu zuen bere bizitza kontatuz (“As nature made him: The boy who was raised as a girl”). Bere heriotzaren ondoren, 2004ko maiatzean, liburu horren beredizioa kaleratu zen bere bizitzaren amaiera trajikoa jasotzen zuen atal berri batekin.

“Dena zentzu onean” zihoala zabaldu zenetik zientzilarien foroetan (1972an), “dena erabat gaizki” atera zela argitaratu zenera arte (1997), 25 zorigaiztoko urte pasa ziren. Tarte horretan, mundu guztian zehar antzeko 100 esperimentu baino gehiago egin ziren: XY jaio baina genitaletan anbiguotasuna edota cloacal extrofia zutenen jaio berriei sexu-berresleipen feminizantea ezarri zitzaien  (zakil-ablazioaren beste kasuren batean ere bai).

Historia ikaragarri honen egiaren argitalpenetik, oso nabarmenki jaitsi da mundu guztian mota honetako sexu-berresleitze kopurua; hala ere, ezer ez da aldatu sexu-identitatearen eta desiraren sexu-orientazioaren ikaspenari buruz Gizarte-Zientziek gaur egun duten diskurtsoan. Hori gutxi balitz, zitalkeriz erabiltzen da historia honen lehen zatia (Moneyren lehen argitalpenei erreferentzia eginez eta azken hiru hamarkadetan argitalpen haiek zenbat aipatu dien azpimarratuz), zientifikoki baieztatua gelditu balitz bezala ebidentzia esperimental zalantzarik gabe haren bidez, sexu-identitatea eta sexu-orientazioa hazkuntza desberdinduarekin eta imitazioarekin ikasten direla.

Frogatu nahi izan zuten lehen haurtzaroan ikasten direla sexu-identitatea eta sexu-orientazioa baina argi gelditu zen helduak nola galdu dezaketen iparra haurrek beraien usteak betetzen ez dituztenean. Sozializazio prozesu normalizatu bat bezala azaldu nahi zena, non sexu-identitate cisexuala lortuko zen, kontrara, adibide oso ona bihurtu zen ulertzeko sexu-identitate transexualaren benekotasuna, zailtasun guztien gainetik. Kasu haren gauzarik arraroena zera da: ez zela identitate transexual bat baizik trans-transexualizatutako identitate bat.

Esperimentu hura egin zen sexu-identitatea eta desiraren sexu-orientazioa ikasten direla haurtzaroan ikasketa eta sozializazioaren bidez; haatik, hain zuzen ere aurkakorako balio izan zuen: jada fabrikatik datorrena ezin dela hazkuntza bidez aldatu (gaur egun dakigunez gero, jaio aurretik datoz zehaztuta). Hori bai, “Guztia da Ikasketa” zorrotz azpimarratzen duten Kredoko sinisleek esperimentu zoritxarreko hartatik atera daitezkeen ikasgaiak ezkutatu edo faltsutzen dituzte.  Egiazki, milaka urte dituen erlijio-agindu bati men egiten besterik ez dira ari:  “ez dezazula inoiz utzi ebidentzia batek zure fede apurtezinean zalantzak eragin ditzan”.

Porrot zientifiko eta giza tragedia hura argi gelditu zirenean, Moneyrekiko eta bere lanarekiko mespretxu eta deskalifikazioak hasi ziren. Eta, orain bai, asko izan ziren Moneyren kontra jardun zutenak. Nahiz eta historiako sexologian aditu handietako bat izan, segur aski merezi izan zuen gaitzespen orokorra (hain zuzen, ez zuen inoiz  bere akats profesional, zientifiko eta gizatiar larria zuzendu).

Hori bai, gai honen inguruan oso gaiztoak diren eta salatzea merezi duten fenomeno batzuk gertatu dira. Adibidez, psikologoa eta sexologoa zela ezkutatu zen (egiazki hala zen) eta medikua eta biologoa zela baieztatu zen (egiazki ez zen). Ezkutatu zen  «generoa» kontzeptuaren sortzailea izan zela (sexutik banandutako errealitate gisa) baina leporatu zitzaion generoa aldatu nahi izatea hormonen eta ebakuntzen bidez (bere esperimentuan nabarmena sozializazio goiztiarra zenean). Gaur egun, bere ekarpen teorikoa babesten dutenak (berezko sexu biologikoaren  eta ikasitako genero psikosozialaren arteko bereizketa) dira, bere ustezko biologizismoagatik Money gehien iraintzen dutenak. Beraien fedean oinarriturik, ondorioztatzen dute  esperimentu tragiko hark frogatzen duela generoa ezin dela biologikoki aldatu (hain zuzen, eraikuntza psikosoziala delako). Azkenik, generoaren diskurtsoetatik Money iraintzen dutenek, hark ondorioztatu zuena ondorioztatzen dute zehatz-mehatz, eta hark frogatu nahi izan zuena frogatutzat jotzen dute (arrazoibideetatik eta arrazonamendutik kanpo bada ere), nahiz eta esperimentu hark juxtu kontrakoa frogatu zuen.

Joserra Landa (2020-02-02)