Skip to main content

Ekhi naiz

Betidanik jakin dut neska bat naizela. Nire familiak beti errespetatu du.

Ekhi naiz

Betidanik jakin dut neska bat naizela. Nire familiak beti errespetatu du.

Niri buruz

Ni Ekhi naiz eta betidanik jakin dut neska naizela. Nire familiak beti errespetatu du hori.

Eskolan oso ondo sentitzen naiz. Eskolatik irtetean baleta, street dance, pianoa eta ingelesa ikasten  ditut.

Denbora librea dudanean lagunekin egoten naiz, lagun asko ditut eta oso ondo pasatzen dut beraiekin.

Nik oso familia handia daukat, nire gurasoak ez dira elkarrekin bizi, baina pozik egoten naiz biekin.

Amaren aldetik amama Esti, aitite Peru, izeko Eider eta Jone, osaba Pello eta lehengusu bat, Euri, eta lehengusina bat, Sua. Suak urte bat dauka eta asko maite dut. Aitaren aldetik amama Maria Elena, aitite Patxi, izeko Oiane eta Argi eta osaba Zigor eta Joseba eta lau lehengusu, Aimar, Eneko, Irati eta Asier.

Ama de Ekhi

Alaitz

Soinekoak, gonak; lepokoak, diademak; mototsak, ile luzea; makillajea, takoiak; panpinak, poltsatxoak; sirenatxoak, printzesak; Hello Kitty, maitagarriak; dantza, distira egiten duena, arrosa eta fuksia kolorea… nire alabak txiki-txikitatik hau guztia izan dut gustuko.

Ekhi martxoaren 8an jaio zen orain dela ia 11 urte. Nire sabelean zegoela zakila zuela esan zidan ginekologoak… bigarren mutila zetorren. Orduan, kolore urdina nagusitu zen berriz ere etxean; dena prest Ekhi jaiotzeko. Gilenek anaia izango zuen.

Egunak, asteak, hilabeteak, urteak pasa ziren eta Ekhiren gustuak ez zetozen bat mutil batengandik espero zenarekin. Eta zer esan bere marrazkiei buruz… sirenatxoak, neskak eta printzesak OSO ile luzearekin, loreak, bihotzak… Behin eta berriz marrazki berdinak! Igualak denak!

Ekhi oso azkar hasi zen berbetan, polito egiten zuen euskaraz:

-Ama, zakila badut, mutila izango naiz beti? Eta hori ezin da aldatu? Beti mutila izango naiz?

“Egun hori oso ondo gogoratzen dut, gaur izango balitz bezala. Etxetik gertu geunden, zebra-bidea pasatzen eta bere esku txikia nireari lotuta zegoen. Ekhik bi urte zituen, baina bere galderak ez ziren bi urteko haur txiki batenak. Ederto gogoratzen dut bere begirada, bere begi ilunak, bere aurpegitxo polita.”

– Ekhi, zuk zakila duzu eta hori ezin da aldatu. Zakila duzu maitia, beraz, mutila izango zara beti.

“Bere begiek ez zuten sinestu ezta onartu nahi ere amatxo esaten ari zen hori!”

– Baina amatxo…

“Galderak behin eta berriz errepikatu ziren, Ekhi erantzun bera entzuteaz nekatu zen arte. Ekhik lau urte izango zituen. Aste Santuko oporrak ziren eta Katalunian geunden. Han, herri txiki batean, txanponak botatzen diren putzu batean, gutariko bakoitzak “desio” bat eskatu genuen.”

– Nik “nobia” asko izan nahi ditut -esan zuen Gilenek.

– Ama, nik NESKA izan nahi dut -xuxurlatu zidan Ekhik belarrira.

“Momentu horretan negarrez hasi nintzen. Apurtuta nengoen, hunkituta, triste, beldurtuta… banekien, sentitzen nuen, “zerbait egiteko” momentua iritsi zela.”

– Hau ez da Ekhiren kapritxo bat! Nahikoa da! Nire haurrak gonak eta soinekoak erosi nahi dituelako dendetatik negarrez ateratzeaz nekatuta eta nazkatuta nago! Ezin dut gehiago! Nire haurrak ezin du gehiago! Gure ezjakintasunak ezin du gure haurraren etorkizuna zapuztu!

“’EKHI NESKA DA’. Hain sinplea baina hain konplexua aldi berean.”

Orain dela hiru urte, hori bera esateko, eskolan hitzaldi “magiko” bat egin genuen, Aingeru Mayorren laguntzaz [LINK: Recursos > Conferencia Comprender para poder acompañar” Aingeru Mayor]. Han, gizon ta emakume, zahar ta gazte elkartu ginen; familia, lagunak, lankideak, ezagunak, “Errespetuz” elkarteko lagunak, ezezagunak, herrikoak eta herrikoak ez zirenak… Gogoratzen dut egiten zuen beroa. Gogoratzen dut zenbat barre eta negar egin genuen… Eta zenbat lagun bildu ginen… 250 inguru?

Ekhi martxoaren 8an 11urte beteko dituen neska alaia, zoriontsua, bizia, maitagarria, azkarra, ameslaria, lagun ona, artista, dantzaria, berbatia eta euskalduna da; batzuetan “Mari Matraka maitagarri” bat, beste batzuetan umore txarreko neskatoa… baina NIRE ALABA da, nire ALTXORRA, nire OPARIA. Gilenek ARREBA polit bat du eta Ekhi du izena.

Ekhi, ilargiraino eta buelta maite zaituztet!

Amama Esti

Amama Esti

Zer esan dezaket Ekhiri buruz?

Ile-apaindegira eraman zintudan lehen aldia gogoratzen dut, forma emateko lortu zenuen hasiberri ilajeari. Zelako borroka zurea, maitea, zenbat negar egiten zenuen ile-mozketa bakoitzean…

Oraindik badaukat jantzi zenuen arroparen oroipena: tantodun jertsea, bularraldean ziztadun lorearekin.
Eder zeunden… ederra zara.
Lehen aldi hartan lagundu zintudan eta nire azken gogoraino egiten jarraituko dut.
Behar balitz, baita Madrileraino ere, horrek balet-dantzaria izateko zure ametsa lortzen lagunduko balizu. Seguru nago Igor Yedra ere gurekin etorriko litzatekeela.

Niretzat, printzesa, lortu duzu!!!

Borrokalari eta txapelduna zara eta.

Maitasunez, amama.