Filma
Ma vie en rose
Belgika. 1997. 88 min.
Zuz: Alain Berliner
Akt: George du Fresne, Michèle Laroque, Jean-Philippe Ecoffey, Hélène Vincent, Daniel Hanssens, Laurence Bibot
Trailerra
Ludovicek 7 urte ditu, eta oso argi du neska dela, nahiz eta besteek mutil ikusi. Ilea luze darama, baimentzen dioten beste, eta, ahal duenean, ahizparen soinekoak eta mozorroak janzten ditu, makillatu egiten da eta amaren takoidun zapatak ere janzten ditu. Etxean jolastzat hartzen dute, baina auzoan horrela irteten hasten denean, gurasoek jakinarazten diote mutikoek ez dituztela soinekoak eramaten.
Ludovicek neska dela azaltzen die, baina gurasoek esaten diote ez dela posible, ez dela neska, mutila dela; eta dagoeneko nagusia dela halako “lelokeriak” egiteko. Ludovic saiatu egiten da horri guztiari erantzuna aurkitzen: agian mutiko-neska da, akaso Jainkoak XX bidali zuen eta X horren makilatxoa puskatuta Y bihurtu zen… Oso argi du, ordea, egunen batean lortuko duela barnean duen neska izatea. Eta, bitartean, benetan dena izateko ahalmena duen mundu koloretsuarekin egiten du amets.
Halako batean, Jeromeren lagun egiten da, aitaren nagusia den auzokidearen semarena. Ludovic eta Jeromek elkar gustuko dute eta, egun batean, ezkontzen ari direla jolasean ari direla, Jeromeren ama gelan sartu eta musukatzen harrapatzen ditu. Hori da Ludovicen familia egoera larrian kokatuko duen gertakaria: arriskuan dago aitaren lanpostua, beste gurasoek Ludovic eskolatik kanporatu nahi dute, ikaskideek iraindu eta eraso egiten dute…
Norbera den bezalakoa izan ahal izateko premia larriaren istorioa da. Eta baita norbere identitatearen ukazioa zein gogorra izan daitekeen.
Gurasoentzat seme-alabaren benetako sexu-identitatea onartzearen zailtasunak azaltzen dituen kontakizuna; are zailagoa, inguru sozialak gurasoak zigortzen eta presionatzen dituenean. Film ederra bezain gogorra. Barrua arrakalatzen duena eta kolorez betea. Itzel polita.
- Ezinbestekoa
- Frantsesa
- Pelikula